Electra Vitoriako ordezkaria saria jasotzen

Electra Vitoriako ordezkaria saria jasotzen

Pasa den abenduaren 11n egin zen Lazarraga Sarien banaketa ekitaldia Gasteizko Bibat museoan. 3. edizioan Besa upategiak, Electra Vitoriak, Oreka IT-k, Agirre Lekue botikak eta Aner Garmendiak jaso dituzte Lazarraga Sariak.

Lazarraga Sarien helburu nagusia Arabako arlo sozioekonomikoan euskararen alde lan egin duten entitate edota pertsonak saritzea eta haien ahalegina errekonozitzea da. Bi urtez behin egiten da sariketa, Ziurtagiriaren Elkarteak eta Arabako Foru Aldundiak antolatuta, eta aurtengoa hirugarren edizioa izan da. Hala, Lazarraga Sarien bidez, Arabako lau entitate eta pertsona bat saritu dira euren lan ingurunean euskara txertatzeko aurrera eramandako ekimenengatik.

Electra vitoria barne-harremanetan euskara modu egokian gehien erabiltzeagatik nabarmendu den entitatea izan da. Duela zortzi urte lehen Euskara Plana indarrean jarri zuen Emunen laguntzaz eta harrezkero nabarmen hazi da euskararen presentzia eta erabilera: errotulazioan ez ezik igogailuen ahots-sintetizadoreetan ere euskara presente dago. Ahots sintetizadore elebiduna instalatzen da igogailu berri guztietan, Electra Vitoriaren euskararen aldeko apustua bere bezeroengana ere helaraziz. Euskara normalizatzeko pausoak ematea posible dela erakusten du eta Araban erreferente garbia da.

Zorionak, beraz, saridunei eta Electra Vitoriako lantaldeari bereziki!!

Irakurtzen jarraitu...

Donostiako Udalak partaidetza prozesu baten bidez egin nahi du hurrengo Euskararen Plan Orokorra (2015-2019). Horrela, donostiar guztiek izango dute hirian euskararen berreskurapen osoa lortzeko helburua duen plangintza honetan ekarpenak egiteko aukera.

Orain indarrean dagoen Plan Orokorrak (2011-2015) apirilean agortuko du bere bidea. Partaidetza prozesu honekin, orain artekoak izan duen emaitza aztertzeaz gain, plangintza berriak jaso beharreko erronka, helburu, lehentasun eta lan ildoak finkatu nahi ditu Udalak, eta horretarako, Emunen aholkularitza eta laguntza teknikoa izango du.

Nerea Txapartegi Udal Gobernuko Euskara arduradunak nabarmendu duenez, plana Donostiako eragile eta herritarrekin elkarlanean lantzen den lehenengo aldia da. Prozesu honetan parte hartzeko bi bide egongo dira: aurrez aurreko saioak eta www.euskaraz.net webgunean prozesu honetarako espresuki sortutako atalaren bidez: Egin zure ekarpena DONOSTIAKO EUSKARAREN PLAN OROKORRARI

Aurrez aurreko lehenengo saioa azaroaren 6an egin zen, eta hiriko euskarak orain duen egoera aztertu zen. Bigarrena, datorren abenduaren 4an egingo da San Telmo Museoan, eta etorkizunerako lan ildoak landuko dira bertan. Azkena, 2015eko urtarrilean egingo da eta aurreko bi saioetako emaitzak aurkeztuko dira. Gazteekin, bestalde, saio berezitu bat egin zen pasa den urriaren 30ean.

Aurrez aurreko saio hauetara Euskararen Aholku Batzordeko kideak eta Donostiako 9 auzotan eratu diren Euskara batzordeetako kideak gonbidatu dira, eta horiekin batera, www.euskaraz.net webgunearen bidez parte hartzeko eskaera egiten duen donostiar orok ere parte hartu dezake.

DonostiakoPlanOrokorra1b

 

 

 

 

Hamaika telebistan ere jaso dute berri hau:

Irakurtzen jarraitu...

Aniztasunaldia Euskal Herriko aniztasunari eta haren kudeaketari buruzko gogoeta eta jaia uztartzeko gune bat da. Aurtengo edizioa ere Donostiako Bulebarrean ospatuko da azaroaren 14 eta 15ean. Bertan, Gipuzkoako Foru Aldundia migrazio eta aniztasun alorrean bertako eragile (Jatorri Anitz, Herri Bat dinamika) eta udalekin (Udal Anitz dinamika) egiten ari den lana plazaratuko da. Aniztasuna balio positibo eta elkarbizitzarako faktore moduan ikusteko eta azken boladan heltzen zaizkigun estereotipoetan oinarritutako diskurtso kezkagarriei aurre egiteko helburuak ere izango ditu.

Egitarau oparoa prestatu dute antolatzaileek: mahai inguruak, hitzaldiak, word kafea, kontzertuak, film laburrak… Word kafean ehun lagun inguru elkartzea espero du Foru Aldundiak elkarbizitzarako erronkez gogoeta egiteko, eta Emunek ere bertan parte hartuko du beste eragileekin elkarlanean.

Egitaraua: Aniztasunaldia 2014

Aniztasunaldia 2014

Aniztasunaldia 2014

Irakurtzen jarraitu...

Azaroan Europar Batasunean Kalitatearen Europar Astea antolatzen da. Euskadin, Euskalitek urriaren 27 eta azaroaren 14 bitartean ospatzen ari den XX Kudeaketa Aurreratuaren Europar Astea koodinatzen du. Aste horren barnean kokatzen da azaroaren 6an egingo den “Enpresako eleaniztasunaren kudeaketa” ekitaldia.

Ekitaldi hau, aurreratutako kudeaketa ereduekin lotuta dago, zehazki estrategia arloarekin, eta bere helburu nagusia erakundeek hizkuntzen kudeaketan (kontratatzeko prozesuetan, barne eta kanpoko komunikazioetan, informatzeko eleaniztasun sistemetan, etab.) dituzten esperientziak partekatu eta euren arteko elkarrizketa sortzea da.

Emunek bertan parte hartuko du hizkuntzen kudeaketan duen esperientzia partekatzen, LANGUNE eta beste erakundeekin elkarlanean (Elhuyar Aholkularitza, Grupo DREAM (upv/ehu), Mondragon Lingua, Artez Euskara Zerbitzua, Elduaien eta Gipuzkoako parke teknologikoa) .

“Enpresako eleaniztasunaren kudeaketa” ekitaldia, datorren osteguna azaroaren 6ean, 17:00etik 19:00etara, Gipuzkoako parke zientifiko eta teknologikoan egingo da. (Mikeletegi ibilbidea, 53. Donostia).

Izena emateko: langune@langune.com–era mezua bidali.

Irakurtzen jarraitu...

Emunek, Arrasateko euskalgintzako erakundeekin batera, ikuskizun bat antolatu du ostiral honetan, urriak 24, arratsaldeko 19:00ean hasita. Denis Josselin funanbulistak “Zeruaren eta lurraren artean” ikuskizuna eskainiko du Arrasateko Herriko Plaza nagusian. Mundu osoan ezaguna da Denis Josselin bere ikuskizun zirraragarriak direla eta. Parisen, besteak beste, bi aldiz zeharkatu du Sena ibaia 30 metroko altueran. Arrasaten Herriko Plaza nagusia alderik alde igaroko du soka baten gainean ibiliaz 15 metroko altueran. Ordu erdiko ikuskizun zirraragarria ikusteko aukera izango da, bada, ostiral iluntzean, 19:00eana hasita. Galduko al duzu?

Funanbulista kartela

Irakurtzen jarraitu...

Urriaren 30ean Kulturaten izenburu horrekin mahai-ingurua izango da. Honako hauek hartuko dute parte: Lorea Agirre Dorronsoro, Ainhoa Beola Olaziregi eta Idurre Eskisabel Larrañaga. Moderatzaile lanak Aitziber Aranaburuzabal Juldainek egingo ditu.

Mahai-inguru honen antolatze lanetan Arrasateko emakume txokoa, AED, Emun, Goiena eta Ekin emakumeak taldeek hartu dute parte.hitzaldia.indd

Irakurtzen jarraitu...

Emuneko Asier Iriondo Egurenek Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen twitter kontuak aztertu ditu, erabilera egoki baterako aholkuak emateko. Ikerketa HUHEZIren Komunikazioa Erakundeetan graduondokoaren amaiera-proiektu gisa landu du.

Horretarako, ikerketa kuantitatiboa eta kualitatiboa egin ditu. Ikerketa kuantitatiboan Elkartearen kontuak aztertu dira. Garai jakin bat lagintzat hartuta, txioen kopuruak, bertxioak eta traolak bezalako adierazleak zenbatu dira. Ikerketa kuantitatiboa egiteko 2014ko maiatzaren 15ean eztabaida taldea antolatu zen Elkarteko twitter erabiltzaileekin. Ondorioez gain, twitterren erabilera egokiago baterako gida osatu du ikerketak.

Irakurtzen jarraitu...

Emunen sorreratik landu dugun arloa da lan mundua. 17 urte hauetako gure esperientzian oinarrituta, lan munduaren euskalduntzeak izandako ibilbideaz eta gaur egun euskarak lan esparruan duen presentziaz, besteak beste,  aritu dira  Emuneko Dani Larrea Mendizabal, Emuneko Zuzendari nagusia eta Olatz Olaso Garitano, Emuneko Berrikuntza arloko arduraduna,  11 telebistako Ertzak saioan egindako erreportaje batean.

Nolakoa da euskararen presentzia lan munduan? Enpresarentzat euskara balio erantsia da? Hizkuntza integrazio eta kohesiorako garrantzitsua izan daiteke? galderak erantzun dituzte  Dani eta Olatzekin batera  erreportajean parte hartu duten Zigor Etxeburua Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendariak, Txarles Ranero Aek-ko Ahize aholkularitzako kideak.

Irakurtzen jarraitu...