Euskara Planak

 

Zure erakunde/enpresan euskarari sarbidea eman nahi diozu eta ez dakizu nola?

Zure erakunde/enpresa “armairutik atera” eta euskara erabiltzen hasi nahi duzula?

Balio erantsia eman nahi diozu zure erakunde/enpresari euskararen bidez?

Ba, horretarako, tresna ezin egokiagoak dira euskara planak:

Prozesu planifikatua da, eta erakundean euskararen erabilera indartu eta normalizatzeko helburua du, ahoz zein idatziz, barne eta kanpo harremanetan. Hori lortzeko, euskaraz lan egiteko prestatu eta motibatu egiten ditugu langileak.

Euskarak zure erakundean duen egoerari buruzko diagnostikoa egin ondoren, zuei egokitutako eta zuekin adostutako helburuak diseinatzen ditugu metodologia parte-hartzaileen bidez. Ostean, urtez urteko ekintza planak egin eta ekintzak planifikatu, gauzatu eta ebaluatzen ditugu.

Erakundeak ordezkaria izendatu behar du eta egoki deritzon baliabideak jarriko ditu mahai gainean, euskararen kudeaketa planari jarraipena egiteko, gure aholkularien laguntzarekin. Azken finean, euskararen kudeaketa erakundearen sisteman integratzea da helburua, hau da, erakundeak plana bere egin eta gure laguntzarekin kudeatu dezan.

Lau faktore gakoei erantzuna ematen die euskara planak:

  • Motibazioa: euskara erabiltzeko eta ikasteko arrazoiak, desioak eta interesak sustatu eta bultzatuko ditugu langileen artean.
  • Ezagutza: euskaraz lan egiteko gaitzen ditugu erakundeko langileak.
  • Erabilera: azken helburua da. Enpresa edo erakundeko ohiko interakzioetan langileek euskara erabil dezaten guneak eta uneak sortuko ditugu.
  • Erakundetzea: euskararen kudeaketa erakundearen beraren sisteman txertatu eta marko orokorra ezartzen lagundu egingo zaituztegu.

Baina euskara planarekin zure erakundeak hori baino gehiago lortuko du. Izan ere, euskara enpresan txertatuta, balio erantsiaz gain, barne kohesio hobea lortuko du. Era berean, euskara enpresaren kulturan txertatzeak dakarren lana berritzailea da, eta zure erakundea berrikuntzetara irekitzeko balioko du. Eta ez hori bakarrik: gure jendartean integratuagoa eta inklusiboagoa izango da zure erakundearen jarduna.