Albisteak

6.000tik gora ahobizi eta belarriprest

Asteazkena, 2018ko azaroaren 28a

Emunek hainbat euskara plan kudeatzen ditu. Horietako batzuetan Euskaraldia jarri da martxan, hainbat aldaerarekin. Batzuetan martxoan egin dute, beste batzuetan 11 egun lehenago, inon 11 egun geroago egingo da. Guztira, 50 bat enpresa eta entitatetan jarri da martxan, Araban, Gipuzkoan, Nafarroan eta Bizkaian.

Horietan guztietan 6.000 langiletik gora hartu du bere hizkuntza ohiturak aldatzeko konpromisoa, izan ahobizi edo izan belarriprest. Euskaraldiaren erdira heldu garen honetan, 6.000 langile horiei animoa eman nahi diegu egun hauetan eta euren hizkuntza praktika aldatzeko adorea eta aholkua eman.

Irakurtzen jarraitu...

Heldu da garaia

Ostirala, 2018ko azaroaren 23a

Heldu da garaia norbanakook nahi duguna egiteko baimena ematen ikasteko, gure buruari eta besteari.

Heldu da garaia gure aurreiritziak identifikatu, berrikusi eta gainditzen ikasteko.

Heldu da garaia hizkuntza bat edo bestea erabili, ez epaitzen ikasteko.

Heldu da garaia erdaraz hitz egiten digunari euskaraz eroso erantzuten ikasteko.

Heldu da garaia euskarazko esparruan erdaraz egin eta errudun ez sentitzen ikasteko.

Heldu da garaia solaskidea bere hizkuntzan ulertzea garrantzi txikikoa ez dela ikasteko, hizkuntza berean erantzun ezin badiogu ere.

Heldu da garaia solaskideari hizkuntzaz ez duela aldatu behar adierazten ikasteko.

Heldu da garaia geure burua ahaldundu, hitza hartu eta euskara plazara eramaten ikasteko.

Heldu da garaia elkarrizketa batean bakoitzak nahi duen hizkuntza erabiltzen ikasteko.

Heldu da garaia euskaldun guztiak bistaratzeko, bakoitzak daukana eskainiz, dela belarria, dela ahoa.

Heldu da garaia irribarre baten gerizpean konplizitate berriak sortzen ikasteko.

Heldu da garaia hizkuntzen eta hiztunen arteko elkarbizitza posible dela ikasteko.

Heldu da garaia, aldaketa kolektiboak izan daitezen, aldaketa indibidualak egiteko.

Heldu da garaia hizkuntza ohiturak aldatu daitezkeela sinestu eta portaera berriak esperimentatzeko.

Heldu da da garaia entrenamendu kolektiboaren bidez, emozionalki hiztun askeak izaten ikasteko.

Heldu da Euskaraldia.

Irakurtzen jarraitu...

Aditu ikastaroan i(ra)kasten

Asteartea, 2018ko azaroaren 6a

Urriaren 31n, Hizkuntza Biziberritzeko Estrategiak Aditu Ikastaroa egiten ari diren 18 lagun izan genituen gurean, hizkuntza berreskurapenaren inguruan lanean ari diren herri indigenetako erakundeetako ordezkariak guztiak.
Hizkuntzen berreskurapen prozesuan lagungarri diren ezagutza teorikoak jasotzen ari dira Garabideren ikastaldian, baina baita euskararen berreskurapen prozesua bultzatzeko arlo desberdinetan sortu diren proiektu eta esperientzia praktikoak bisitatzen ere.
Adituko ikasleak Emunen izan ziren gure jarduna ezagutzen. Goizean Emun erakunde gisa nola dagoen eratuta azaldu genien eta zeintzuk ziren esku artean genituen proiektuak, zerbitzuak eta egitasmoak. Eguerdian, Fagor Elektronikako euskara plana bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zuten.
Batzuentzat berria izan da kontatu dieguna, baina beste batzuekin aurreko urteetatik harremanetan geundenez, beraien proiektuetako berri izan eta lankidetza indartzeko baliatu dugu bisita.
Irakurtzen jarraitu...

Joan den urriaren 10ean zientzia zein teknologiaren sektorearen emakumeek duten parte hartzearen inguruko Engendering STEM izeneko jardunaldiak izan ziren Amsterdam hirian eta bertan izan zen Emuneko ordezkari bat ere. Bergarako Miguel Altuna lanbide heziketako institutua iaztik ari da Erasmus+ programaren baitako ekimen honetan parte hartzen Eskozia eta Herbehereetako beste erakunde batzuekin batera, neska gazteak ikasketa tekniko eta zientifikoetara nola gerturatu aztertzen. Helburua, STEM (zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematikak) sektorean diharduten Enpresa Txiki eta Ertainei genero berdintasuna eta aniztasunari lotutako praktika onen erakusleiho bat eskaintzea da eta praktika onen inguruko foro bat artikulatzea da.

STEM sektorea abiada izugarrian ari da hazten Europan, baina enpresek gaitasun eta ezagutza hauek dituzten pertsonak behar dituzten arren, hauek betetzeko aurreikuspenak ez dira hain positiboak, are gutxiago emakumeen parte hartzetik aztertuz gero.  Adibidez, Britainia Handian 2024 urterako 185.000 ingeniari beharko direla aurreikusten da, baina gaur eguneko ikasketa datuak aztertuta, emakumeak azpi ordezkatuta daudela argi ikusten da; ingeniaritzatan %9a besterik ez dira.

Kezka honetatik abiatuta hasi dira Europako hezkuntza erakunde hauek elkarlanean, marko komun bat ezarri eta praktika onak elkarbanatzeko dinamikak sortzen. Hortik sortu da Engendering STEM izeneko jardunaldi hau ere. Miguel Altuna Institutuak gonbidatuta Emuneko ordezkaritza batek ere parte hartu zuen Amsterdamen antolatutako bilkuran, Euskal Herriko beste hamaika eragiletako ordezkariekin batera, besteak beste, Gipuzkoako Foru Aldundia, Ikaslan, Adegi, Dikar edo Elursa enpresetako kideak.

Programa honetan parte hartzen duten eragileen aurkezpenarekin ekin zitzaion jardunaldiei, Miguel Altuna Institutua, Eskoziako Equate erakundea, City of Glasgow College eta Herbeheretako VHTOk euren proiektuaren berri eman zutelarik. Ostean, STEM esparruan emakumeen parte hartzea sustatzen ari diren hainbat kasu praktiko ezagutzeko aukera izan genuen, programan parte hartzen duten herrialdeetako adibideak aztertuz. Bazkalostean, programako eragileen artean sortu duten aurre-diagnosirako tresnaren aurkezpena ere aurreratu zuten,  erakundeetako kideek genero berdintasunaren inguruan dituzten pertzepzioak jaso eta aztertzeko baliagarri izatea espero dutena. Hiru tailer antolatu ziren gero: emakumeak sektorera gerturatzeko pausu praktikoen ingurukoa bat, hurrengo belaunaldiengana nola iritsi aztertzeko beste bat, eta egiturazko botere harremanen eta inkontzientzian ditugun aurreiritziak identifikatzeko azken bat.

Iraitz Agirre Genero berdintasuneko Emuneko aholkulariak parte hartu zuen adituen mahaiarekin amaitu zen jardunaldia. Bertan, Emunek euskara planetan egindako ibilbidearen berri eman zuen eta esperientzia horretatik genero berdintasunerako baliagarri izan daitezkeen ikasgaiak aztertu eta egokitzen ari garela aipatu zuen, besteak beste. Era berean, genero berdintasuna eta kooperatibagintzaren arteko harremanez ere mintzatu zen Agirre.

Irakurtzen jarraitu...

Euskaraz erosoago bizi gura duzu eta ez dakizu zelan? Egunerokoan dituzun arazo txiki (edo ez horren txiki) horietan laguntza behar duzu? Emunen horretan lagunduko dizugu.

Eta, horretarako, Hitzartzen webgunea zabaldu dugu. Bertan hizkuntza ohiturak aldatzeko bloga dugu, baita kontsultorioa ere. Hortaz, horren inguruko galdera edo zalantzarik izanez gero, guri helarazi ezelako arazo barik. Gainera, lagun askok euren gaineko esperientzia helarazi digute.

Irakurtzen jarraitu...

Emunkide berriak bilatzen ari gara

Ostirala, 2018ko maiatzaren 25a

Emun Aholkularitzak arlo hauetan aritzeko teknikarien lan poltsak osatu behar ditu:

– HIZKUNTZA ZERBITZUAK

– EMAKUMEEN ETA GIZONEN BERDINTASUNA

– PARTE HARTZE  PROZESUAK

– BERRIKUNTZA SOZIALEKO PROZESUAK

Bete beharrekoak:

  • Lizentziatua izatea
  • Euskara maila altua izatea (gutxienez EGA edo baliokidea).
  • Dagokion arloko prozesuak diseinatu, garatu eta gidatzen esperientzia izatea: euskararen normalizazioa, parte hartzea, berrikuntza soziala, emakumeen eta gizonen berdintasuna
  • Taldeak gidatzeko eta dinamizatzeko gaitasuna izatea
  • Proiektuen kudeaketan esperientzia  izatea
  • Gidabaimena izatea

Baloratuko da:

  • Hizkuntzak ezagutzea
  • Hiznet graduondokoa izatea
  • Arlo hauetakoren batean masterra edo baliokidea izatea: parte hartzea, kultura, aniztasuna, emakumeen eta gizonen berdintasuna
  • Berrikuntza sozialarekin lotutako ikasketak izatea
  • Erantzukizun sozialaren esparruan esperientzia izatea
  • Komunikaziorako eta harremanetarako gaitasuna izatea

Sartu curriculuma gure webgunek Lan bila? atalean.

Azken eguna (oraingo probatarako): ekainaren 3a.

Irakurtzen jarraitu...

Emuneko aholkulariok zerbitzua ematerako orduan ditugun ezaugarriak eta beharrak kontuan hartuta, 2013-2016ko plan estrategikoan, pertsonak, gailuak eta lainoa jarri genituen erdigunean, eta ondorioz, erabaki genuen gure etorkizuneko soluzioek 3 baldintza hauek bete beharko zituztela:

  • Mugikortasuna erraztea
  • Nonahikotasuna hobetzea
  • Lainoko aplikazioak lehenestea

Ondorioz, data hartatik aurrera, gure soluzio berri nagusiak helburu hauek lortzera bideratu ditugu. Bide horretan, adibidez, Alfresco erabiltzen dugu, sofware librean garatutako dokumentu kudeatzailea, Inguma, zaintza teknologikoa egiteko on-line plataforma,  imahaigaina – gure mahai gain birtual segurua, intraneta, gure zerbitzua egoki emateko baliabideak eta informazioa eskuragarri jarriz eta lainoko  hainbat aplikazio (infografiak egiteko, bideo ediziorako, aurkezpenetarako, …) eskuragarri pasahitz bakarrarekin gure ezagutza elkar trukatu ahal izateko.

Etorkizuneko lan ildoak ere bide beretik egiteko gogotsu gaude, beti ere Emuneko DNAren ezaugarriak zainduz: euskara, edukiak partekatzeko aukera, komunitatea, pertsonalizatzeko aukera erabilterraza bilakatuz…

Irakurtzen jarraitu...

Lau erabilera plan Tosepan kooperatibentzat

Asteazkena, 2018ko maiatzaren 2a

Apirilean Emun taldeko Txerra Rodriguez eta Garabideko Juan Luis Arexolaleiba Mexikon izan dira, Cuetzalan herrian. Bertan Tosepan mugimendu kooperatiboarentzat lanean izan dira eta, horren ondorioz, Euskal Herritik kanpo lehendabizi lau erabilera plan diseinatzen laguntzen aritu dira.

Lau erabilera plan horietatik hiru intentsiboak izango dira. Bertako hiru kooperatibetan jarriko dira martxan aurki, eta 2019ko amaierara arte iraungo dute. Epea amaituta, metodologia eta emaitzak ebaluatuko dira eta, horrekin, metodologia berria onartu egingo da, Tosepan taldeko beste kooperatibetan martxan jartzeko nauat hizkuntza biziberritzeko plangintzak.

Laugarren plana, berriz, orokorra da eta Tosepan talde osoari dagokio. Irizpide orokor batzuk ezarriko ditu plan honek kooperatiba guztientzako.

Azpimarratzekoa da Euskal Herritik kanpo lehendabizi probatu egiten dela gurean horren ohikoa den euskara planen metodologia. Horrez gain, azpimarratzekoa da Tosepan taldean lehendabizikoz pertsona bat arituko dela lan jardun osoz nauat hizkuntzaren biziberritzerako lanean.

Irakurtzen jarraitu...

Hemen eta orain yoga eta meditazio saioak

Osteguna, 2018ko martxoaren 22a

Emuneko hainbat lankidek astean behin Hemen eta Orain yoga eta meditazio saioak egiten ditugu. Astean ordu eta erdi ingurukoak dira saiook eta irakaslea Emuneko Amaia Rodriguez da.

Eta zertarako egiten ditugu saio horiek? Hona hemen parte hartzaileek diotena:

Hemen eta orain saioetan norbanakoa bere buruarekin zentratzea, energetikoki orekatzea eta osasunaren prebentzio psikosoziala egiten laguntzea bilatzen dugu. Arnasketa oinarri hartuta gorputzetik abiatzen gara, presentzia edo beste modu baten esanda, hemen eta orain gertatzen denaren kontzientzia areagotzeko eta eguneroko egoeretarako baliagarriak zaizkigun tresnak lantzeko. Saio hauek estres egoerak gutxitzeko, gorputz posturak hobetzen laguntzeko eta azken finean bizitza osasuntsuago bat eramaten laguntzeko dira. Talde kohesioa eta lankideen arteko harremanak sendotzeko ere balio dute saio hauek.

Irakurtzen jarraitu...

Ekonomia sozial berria eta ekintzailetasun soziala sustatzeko programa da KoopFabrika, proiektu profesional eta ekimen sozio-ekonomikoak martxan jartzen laguntzen duena. Aurtengo edizioko ataletako bat saretze eguna izan da eta bertan izan da Emun ere, uste baitugu bata eta bestearen esperientziak eta ikusmoldeak trukatzea dela guztion proiektuak aberatsago egiteko bidea. Baina zer du Emunek besteen interesekoa izan daitekeena?

Euskara eta Berrikuntza Soziala garela diogu Emunen. Sinesten dugu gizarte justuago bat posible dela eta gure lana lotzen dugu helburu horrekin. Beti egin dugunetik eta egiten dakigunetik, gure hondar alea jarri nahi dugu horretan, euskararen eta hizkuntza gutxituen normalizazioaren aldeko lana adibidez, mundu justuago baten alde egiten dugun ekarpena da, edota kultura zerbitzuak, parte-hartze nahiz aniztasun eta immigrazio zerbitzuak eskainita egiten duguna.

Baina gehiago ere egiten dugu jada. Justizia eta berdintasun klabeetan sakonduz goaz Emunen bertan eta Emunetik kanpoko gure lankidetzatan.

Pertsona erdigunean jartzen dugu Emunen, hala, gure enpresa kulturan pertsonak zaintzea eta baldintza duinak eskaintzea etengabeko ahalegina da. Emunen berariaz lantzen dugu genero berdintasunaren gaia; lana eta kontziliazio parekidea eta erantzunkidea errazteko neurriak hartu eta urratsak emanaz goaz (lan egutegi eta ordutegi malgua, murrizketa eta eszedentzia aukerak, etxetik lan egiteko aukerak, ordaindu gabeko baimenak hurbilekoren baten gaixotasun larrien kasuan, zaintzarako nahiz norbere garapen edota gizarteko proiekturen batean parte hartzeko,…).

Gizarte eredua aldatzen ari da eta egungo beharrei erantzuten saiatzen gara Emunetik eta etxekoengandik hasita.

Bide horretan sakontzeak onurak dakarzkigula ikusten dugu, 3 planotan ekarri ere:

Pertsonentzat onura: gogobetetzean, osasunean, errekonozimenduan

Enpresarentzat onura: pertsonak erakartzeko, etekin ekonomikoetan (absentismoa, zerbitzua ematerakoan, …), kooperatiba moduan gure printzipio eta balioekin bat eginez

Gizartean onura: erantzukizun sozialari egindako ekarpena (berdintasuna+ berdintasuna+zaintzarako…).

Genero berdintasunaren gaiarekin batera inklusio sozialaren gaian ere sakonduz goaz, trantsizio energetikoaren gaia ere mahai gainean dugu eta jada hasiak gara Emunek ingurumenean duen eragina neurtu eta berau gutxitzeko neurrietan aztertzen, …

Eta gizartera begira, hainbat eta hainbat gizarte eragilerekin lankidetza zuzenean dihardugu, euskalgintzaren eremukoak dira asko (Kontseilua, Soziolinguistika Klusterra, Garabide, …) eta beste eremu batzuetakoak beste asko (Bagara herrigintza, Lanki, HUHEZI, …) .

Gero eta gehiago, Euskara eta Berrikuntza Soziala gara. Horixe izan liteke Emunek duena besteen interesekoa.

Irakurtzen jarraitu...