Bihar Emuneko emakumeok* greba egingo dugu

Osteguna, 2019eko martxoaren 7a

Bozketa egin ostean, Emuneko emakumeok* martxoaren 8an greba egitea erabaki dugu.

Emakumeok* egun batzuk lehenago egin genuen asanblada eta grebaren inguruko hainbat kontuz hitz egin genuen: zaintza greba egiteko dauzkagun zailtasunak, emakume askok gu baino zaurgarritasun egoera handiagoa bizi dutela… Bozketako xehetasunak erabaki ondoren, bozkatu egin genuen. Mugimendu feministak egindako greba deialdiaren helburura eta ezaugarrietara hurbiltzeko ahalegin berezia egin dugu Emunen.

  • Kooperatibako barne araudian grebaren inguruko artikulua berraztertu eta klausula hau gehitzea adostu zuen Kontseilu Errektoreak  2019ko urtarrileko bileran: “Sektorekako deialdiak: Emuneko langileen sektore batentzako diren greba deialdietan, arauan jasotakoa sektore horretako Emunkideei aplikatuko zaie.” Artikuluaren moldaketaren ondorioz, gure araudia errespetatuz emakumeok* bakarrik izan gara asanbladan eta bozketatan parte hartu dugunak.
  • Bozketaren emaitzaren arabera, % 98ko aldeko bozkekin, greba egitea erabaki dugu. Dena den, edozein langile emakumeren bozkatzeko eskubide indibidual eta unibertsala errespetatu du Emunek.
  • Planto egiteaz gain, beste enpresa eta oro har gizartearen aurrean, grebaren bozgorailu izateko helburuarekin:
    • Hiriburuetan nahiz herri bakoitzean antolatutako mobilizazio eta ekintzetan parte hartzeko deia zabaldu dugu, eta bereziki egoitzak ditugun herrietako elkarretaratze eta manifestazioetan parte hartuko dugu.
    • Emuneko egoitza nagusiaren kanpoaldean amantalak, erosketa poltsak edo zapi moreak eskegiko ditugu.
    • Posta elektronikoko sinaduran greba deialdiarekin bat egiten dugula jarriko dugu.

Azkenik, grebaren ondorioz kendutako lan aurrerakinak Euskal Herriko mugimendu feministara  bideratuko ditugu.

Emuneko emakumeok* planto!

Erantzun