Emun batez beste urteko %5 hazi da amaitzear duen ziklo estrategikoan

Ostirala, 2016ko azaroaren 11a

OlOlatz Olasoatz Olaso, Emuneko zuzendari orokorrak 2017-2020ko Plan Estrategikoa aurkeztu du gaur Garaia Berrikuntza Gunean. Ez ohiko Batzar Orokorra egin dugu hurrengo epealdi estrategikoko erronkak kooperatibako bazkideek onar ditzagun. Olasok nabarmendu du 2020ra bitartean Emunen pertsona berritzaile eta ekintzaileak beharko ditugula eta azpimarratu du, taldearen indarra eta inplikazioa ezinbestekoa izango direla eskuartean ditugun erronkei aurre egiteko.

Ziurgabetasuna izan da ekonomiaren azken urteetako ezaugarri nagusia. Emunen 2013-2016 ziklo estrategikoa irudikatu genuenetik asko aldatu da gertuko eta urrutiagoko errealitatea, eta, beraz, Emunek ere bere ikuspegia egokitu behar izan du errealitate berri honetara. Era honetan, urte ziurgabe hauek emaitza positiboarekin amaitzea lortu dugu, urteko fakturazioa batez beste %5 haztea lortu baitugu.  Zailtasunei aurre egin diegu eta aurrera begira ere, iraunkortasunaren bidean sakontzen jarraituko dugu, sortzen dugun balio erantsia bereziki zainduz.

Emunen bere apustua gaurkotu eta indarberrituta lan egin nahi dugu. Arazo sozialen aurrean gizarte osoarentzako balioa sortzen duten irtenbide berriak eta egungoak baino eraginkorragoak, iraunkorragoak eta bidezkoagoak eman nahi ditugu. Eta hori lortzeko, honako hauek izango dira lan ildo nagusiak: Emun iraunkorra, gizarte eraldaketa, erantzun berritzaileak, bezero gogobete eta leialak, pertsona ekintzaile eta motibatuak.

Amaitzeko, Emunek eraldaketarako subjektu aktiboa izaten jarraitu nahi du. Bere negozioen bidez, erakundeak eta gizartea eraldatzen dihardugu. Halaber, Emunetzat kezka diren eta gizartean erronka diren beste alderdi batzuetan ere pertsonen inplikazioa handitzeko ekintza kolektiboa garatzen parte hartuko dugu, bereziki bazkideekin eta aliatuekin elkarlanean jardunez.

Erantzun