Emun KoopFabrikan; Zer du Emunek besteentzat interesgarri dena?

Osteguna, 2018ko martxoaren 15a

Ekonomia sozial berria eta ekintzailetasun soziala sustatzeko programa da KoopFabrika, proiektu profesional eta ekimen sozio-ekonomikoak martxan jartzen laguntzen duena. Aurtengo edizioko ataletako bat saretze eguna izan da eta bertan izan da Emun ere, uste baitugu bata eta bestearen esperientziak eta ikusmoldeak trukatzea dela guztion proiektuak aberatsago egiteko bidea. Baina zer du Emunek besteen interesekoa izan daitekeena?

Euskara eta Berrikuntza Soziala garela diogu Emunen. Sinesten dugu gizarte justuago bat posible dela eta gure lana lotzen dugu helburu horrekin. Beti egin dugunetik eta egiten dakigunetik, gure hondar alea jarri nahi dugu horretan, euskararen eta hizkuntza gutxituen normalizazioaren aldeko lana adibidez, mundu justuago baten alde egiten dugun ekarpena da, edota kultura zerbitzuak, parte-hartze nahiz aniztasun eta immigrazio zerbitzuak eskainita egiten duguna.

Baina gehiago ere egiten dugu jada. Justizia eta berdintasun klabeetan sakonduz goaz Emunen bertan eta Emunetik kanpoko gure lankidetzatan.

Pertsona erdigunean jartzen dugu Emunen, hala, gure enpresa kulturan pertsonak zaintzea eta baldintza duinak eskaintzea etengabeko ahalegina da. Emunen berariaz lantzen dugu genero berdintasunaren gaia; lana eta kontziliazio parekidea eta erantzunkidea errazteko neurriak hartu eta urratsak emanaz goaz (lan egutegi eta ordutegi malgua, murrizketa eta eszedentzia aukerak, etxetik lan egiteko aukerak, ordaindu gabeko baimenak hurbilekoren baten gaixotasun larrien kasuan, zaintzarako nahiz norbere garapen edota gizarteko proiekturen batean parte hartzeko,…).

Gizarte eredua aldatzen ari da eta egungo beharrei erantzuten saiatzen gara Emunetik eta etxekoengandik hasita.

Bide horretan sakontzeak onurak dakarzkigula ikusten dugu, 3 planotan ekarri ere:

Pertsonentzat onura: gogobetetzean, osasunean, errekonozimenduan

Enpresarentzat onura: pertsonak erakartzeko, etekin ekonomikoetan (absentismoa, zerbitzua ematerakoan, …), kooperatiba moduan gure printzipio eta balioekin bat eginez

Gizartean onura: erantzukizun sozialari egindako ekarpena (berdintasuna+ berdintasuna+zaintzarako…).

Genero berdintasunaren gaiarekin batera inklusio sozialaren gaian ere sakonduz goaz, trantsizio energetikoaren gaia ere mahai gainean dugu eta jada hasiak gara Emunek ingurumenean duen eragina neurtu eta berau gutxitzeko neurrietan aztertzen, …

Eta gizartera begira, hainbat eta hainbat gizarte eragilerekin lankidetza zuzenean dihardugu, euskalgintzaren eremukoak dira asko (Kontseilua, Soziolinguistika Klusterra, Garabide, …) eta beste eremu batzuetakoak beste asko (Bagara herrigintza, Lanki, HUHEZI, …) .

Gero eta gehiago, Euskara eta Berrikuntza Soziala gara. Horixe izan liteke Emunek duena besteen interesekoa.

Erantzun