“Eraldaketa sozialaren bidean tresna interesgarria iruditzen zaigu berrikuntza soziala”

Asteazkena, 2017eko irailaren 27a

Emunek urriaren 25ean berrikuntza sozialaren inguruko jardunaldia antolatu du Donostian. Jardunaldian hainbat proiektu aurkeztu egingo dira. Horien artean, Bagarak bere burua aurkeztu egingo du. Bagara zer den gehiago jakiteko, elkarrizketa hauxe egin diegu bertako kideei.

Zer da Bagara?

Debagoienaren eraldaketa sozialean eta garapen komunitarioan eragiteko tresna izateko sortutako erakundea da Bagara.

Zergatik / Nondik sortua da?

Eragile sozial eta kooperatibo ezberdinen hausnarketa eta elkarrizketatik jaio zen Bagara, Debagoienaren garapen integrala ipar, pertsonen, komunitatearen eta ingurunearen neurrira ekarritako eskualde humanoagoa eraikitzeko.

Zein berezitasun/ezaugarri ditu?

Lehenik eta behin, Bagarak eraldaketa sozialerako eskualde mailako marko bat irudikatzen du, eta honen baitan kokatzen da. Norabide horretan  eskualdeko eragileen konfluentziatik eta konfluentzia helburu lan egiten duela aipatu dezakegu, pertsonak eta komunitatea erdigunean kokatzen direlarik. Pertsona, eragile eta oro har komunitatearen autoeraketa eta lankidetzatik formulatzen du eskualdearen garapena eta eraldaketa soziala.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Zein helburu ditu?

Debagoiena iraunkorrago, humanoago, euskaldunago, autoeratuago edota lankideago bat lortzea izan dira Bagararen oinarriparrak hasieratik.

Azken urteotan, helburu hauek lortzeko, eragileen baitan eraldaketa soziala, trantsizio energetikoa, elikadura burujabetza eta ekonomia sozial eraldatzailea sustatzea izan dira lan ildo nagusiak.

Zer da Bagara? Kooperatiba? Elkartea? …?

Irabazi asmorik gabeko kooperatiba da Bagara, lan elkartuko kooperatiba integrala: bazkide laguntzaileak (kooperatiba industrialak,  hezkuntza eragileak, zerbitzu kooperatibak), bazkide erabiltzaileak (eragile sozialak eta norbanakoak) eta bazkide langileak ditu bere baitan.

Zer da Bagararentzat Berrikuntza soziala?

Azken aldian gure inguruan zeresana izaten ari den kontzeptua izateaz gain, eraldaketa sozialaren norabidean tresna interesgarria iruditzen zaigu. Bertako eta kanpoko metodologia eta egitasmo ezberdinak ezagutzeko parada izan dugu azken aldian eta Bagararen estrategia nahiz egitekoetan oso interesgarriak izan daitezkeen elementuak identifikatu ditugu.

Zer iruditzen zaizue Emun bezalako kooperatibak berrikuntza sozialaren alorrean lanean aritzea?

Interesgarria da beti modu batera edo bestera eraldaketa soziala helburu duten eragileak norabide horretan egon daitezkeen eremu, ildo edota estrategiatan lanean aritzea. Bakoitzaren ekarpenetik eta baita ezberdinen konfluentziatik ere eraginkorragoak izango gara partekatzen ditugun helburuak lortzeko, eta kasu honetan, Emun Bagararen parte ere badenez, are interesgarriagoa da.

 

 

Erantzun