Fagor: 20 urte euskara planetan

Astelehena, 2017eko urriaren 23a

Urriaren 25a gainean dugu. Eta egun horretan, besteak beste, Fagorrek ere 10 minutuko ponentzia aurkeztuko du Berrikuntza sozialeko jardunaldian.

Zer da euskara plan bat, lan munduan?

Enpresaren egunerokoan euskararen erabilera normalizatzeko plan bat da, edo beste modu batera esanda, hala nahi duen langile orok euskaraz lan egin ahal izatea bermatu nahi duen plan bat.

20 urte esaten da. Pentsatu behar dugu, beraz, ordura arte gaztelania hutsean egiten zela lan Fagorren?

Gaztelania zen lan hizkuntza, bai. Garai horretan oraindik euskaraz alfabetatu gabeko langile asko zegon Fagorren, ikasketa guztiak gaztelera hutsez egin zituztenak, eta horrek erabat baldintzatzen zuen barne dinamika.

20 urteotako ibilbideari begiratuta, zein aldaketa edo lorpen azpimarratuko zenituzke?

Lorpenak asko izan direla esango nuke, nahiz eta oraindik bidea gelditzen zaigun egiteko. Euskararen presentzia asko handitu da Fagorreko kooperatibetan, eta kasu gehienetan erabilera datuak kooperatibak kokatuta dauden herriek dituztenak baino altuagoak dira. Beste datu esanguratsu bat aipatzearren, kooperatiba batzuetako Batzar Nagusiak euskara hutsean egiten direla aipatuko nuke, orain dela zenbait urte pentsaezina zena.

Kooperatiba eta enpresetan euskara planen bueltan egiten den lana gizarteak ezagutzen duela uste duzu? Baloratzen du gizarteak lan munduaren ekimena?

Nik esango nuke ez dela gehiegi ezagutzen, eta ondorioz, baloratu ere ez. Baina lanaren esparrua ere oso garrantzitsua da euskararen normalizazioa lortu ahal izateko.

Euskara planak hizpide Berrikuntza Sozialaren inguruko Jardunaldi batean. Berri xamarra da hori.

Baina ez da hain arraroa. Azken baten, euskara planak garaiko gizartean pil-pilean zegoen erronka edo behar sozial bati erantzuna emateko jarri ziren martxan, urte luzez debekatua egon zen gure hizkuntza berreskuratzeko erronkari, hain zuzen ere. Eta gainera hasierako bultzada hori oso oinarritik etorri zen.

Erantzunak

  1. Zer da euskara plan bat, lan munduan? galderari erantzuna: “Enpresaren egunerokoan euskararen erabilera normalizatzeko plan bat da, edo beste modu batera esanda, hala nahi duen langile orok euskaraz lan egin ahal izatea bermatu nahi duen plan bat”, ematen zaio. Niri sortu zaidan galdera beste hau da, Fagor-eko zenbat kooperatibetan da euskara lan-hizkuntza? Izan ere, normalizazioan, euskara lan-hizkuntza izatea ere sartuko dela pentsatzen dut. Nola dago hau?

Erantzun