“Helburuan bertan berrikuntza soziala izateaz gain, helburua erdiesteko bitartekoetan ere presente dago berrikuntza soziala”

Asteartea, 2017eko abuztuaren 1a

Bizkaiko hiriburuko ikastetxeetako neska-mutilekin hasi zuten ibilbidea. Bilboko Udalak emakumeen aurkako indarkeriaren inguruko lanketa egitea proposatuta. 10 urte igaro dira ordutik eta jendartearen eraldaketa helburu, lanean dihardutela kontatu digu Asier Baglietto Arremanitzeko kideak. Emunek urriaren 25erako antolatutako Berrikuntza sozialaren bideak jardunaldian parte-hartuko dute.

Zer da Arremanitz?

Hezkuntzan eraginez, jendartearen eraldaketa bilatzen dugun lantaldea gara. Arremanitz kooperatiba osatzen dugun lagunok eskarmentu pertsonal eta profesional aberatsa dugu. Lantaldea da gure altxorra eta horregatik taldea bera eta bertako kideak formatu, goxatu eta zaintzen ditugu. Parte-hartzea da gure lan-moldea. Konfiantza dugu pertsonekin eta ezagutzak eta praktikak elkartrukatzea dugu gustuko.

Nondik sortua da Arremanitz?

Arremanitz kooperatibaren ibilbidea Bilbon abiatu genuen. Duela 10 bat urte Bilboko Udalak emakumeen aurkako indarkeriaren inguruko lanketa egitea proposatu zigun Bilboko ikastetxeetako neska-mutilekin. Esperientzia hartan ikasitakoen artean, argi ikusi genuen indarkeriaren gaiari heldu ahal izateko tratu onak zirela abiapuntu egokiena. Ordutik hezkidetza, sexuen hezkuntza eta tratu onen inguruan ardaztutako komunitate proiektuak gauzatzen ari gara.

Zein helburu ditu?

Gure xedea sexuen aniztasuna, parekidetasuna eta tratu onak sustatzea da, plazera eta zaintzak jendartearen erdigunean jarriz. Eragileen eragile gara. Hezkidetza eta sexuen aniztasuna sustatuko dituzten talde zein pertsonak prestatzen eta laguntzen dugu, bidea elkarrekin egiteko.

Plazera ere plazara atera nahi dugu, funtsa, sexualitatea herriratzea da. Sexualitatearekiko ikuspegia zabaltzea dugu helburu. Azken finean, nork bere burua onartzen eta maitatzen laguntzea da muina, horrela izango baititugu pertsona zein harreman osasuntsu eta gustagarriak.

Zer da Arremanitzentzat Berrikuntza soziala?

Berrikuntza soziala Arremanitzen helburuetan presente dagoen elementu zentrala da. Jendartearen antolaketa zapaltzaileak gainditzen  laguntzea da Arremanitzen egitekoa. Gizon eta emakumeak hierarkizatzen gaituzten botere harremanak iraultzen laguntzea, eta jendarte antolaketaren erdigunean zaintza eta plazera kokatzea.

Helburuan bertan berrikuntza soziala izateaz gain, helburua erdiesteko bitartekoetan ere presente dago berrikuntza soziala. Ezagutza eta berrikuntza pertsonetan eta taldeetan dagoela sinesten dugu, eta eraldaketa soziala gauzatu dadin baldintzak sortzen laguntzea da gure egitekoa, elkarri entzun, elkarrengandik ikasi eta elkarrekin eraikitzeko espazio eta denborak antolatuz,  norbere eta taldearen zaintza edozein prozesuren abiapuntu gisa proposatuz, eta parte hartzaileei metodologia sortzaileak eskainiz.

Zer iruditzen zaizue Emun berrikuntza sozialaren alorrean lanean aritzea?

Pozgarria noski. Zenbat eta eragile gehiago aritu honetan, eraldaketa eta berrikuntza sustatzeko indar gehiago pilatuko baititugu. Gainera, Emunek euskararen normalizazioan pilatu duen esperientzia gainerako arlo sozialetarako oso baliagarria izan daitekeela iruditzen zaigu.

Erantzun