Kontziliazioan sakontzeko egindako bidea aurkeztuko du Emunek Jardunaldian

Astelehena, 2017eko urriaren 16a

Emuneko pertsonal burua den Amaia Etxaniz kooperatiban egindako hausnarketa eta hartutako neurrien inguruan arituko da jardunaldian.

Azken urteotan gero eta gehiago entzuten den kontziliazioa ez da gauza berria Emun kooperatibako kideentzat. Pertsonal burua den Amaia Etxanizen hitzetan, urteetan gehiegi pentsatu gabe eta halabeharrez landutako zerbait izan zen kontziliazioa. Kooperatibaren izaerari lotuta eta Emunkideen egoera pertsonalek horrela bideratuta landu zen zerbait. Hala, eszedentziak edota lan jardun murriztuak aspaldiko kontua dira kooperatiban.

Gizarteko behar bati erantzuten
Urteekin, ordea, Emunen behar eta egiteko modu partikularretatik gizarteko behar bati erantzuten ari zirela ohartu eta lanketa sakonagoari heldu zioten. Etxanizek “kontzientzia hartze bat” bezala gogoratzen ditu 2004 eta 2007 urteen artean egindako hausnarketak eta oinarri horiekin hasi ziren gero, 2010ean, kolektibo osoarekin gaia lantzen.

2012tik aurrera, berdintasuna eta kontziliazioa lanerako ardatzak dira Emunentzat. Tartean lan horren aitortza ere jaso du batean eta bestean. Emakundek Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako lankidetza erakunde gisa izendatu zuen 2015ean bigarrenez, eta asko dira Emunera iritzi eta laguntza eske gerturatu diren enpresa eta erakundeak.

Amaia Etxaniz, Gipuzkoako Foru Aldundiak kontziliazioaren inguruan antolatutako ekitaldi batean Emunen esperientziaren berri ematen.

Gustura lan egiteko modua
Kooperatibaren ikuspegitik, errentagarritasunean eragina dauka zalantzarik gabe: besteak beste, absentismoa mantendu egin da igo beharrean, lizentzia orduak jaitsi, eta langileari errazagoa zaio lan orduetan lanean kontzentratzea.

Modu zuzenean, noski, langilea da kontziliazioaren onuradun zuzena, eta horrek erabateko eragina dauka kooperatiban. Langileen gogobetetzeak gora egin du kontziliazio neurrien eraginez eta “lan sari ekonomikoarekin ordaintzen ez dena lan sari emozionalarekin orekatzea” lortu du Emunek.

Adibideak adibide, eta onurak onura, kontua da %62a emakumeak diren kooperatiba batean Zuzendaritzako kideen %86a direla emakumeak; eta hori ez da kasualitatea.

Erantzun