Kurduak enpresetako euskara planak ezagutzen

Osteguna, 2015eko abenduaren 10a

Garabide elkarteak kurdueraren garapenean eta normalizazioan lan egiten dutenekin esperientzia-truke iraunkorra dauka. Horrela, egunotan gure artean dabiltza arlo ezberdinetako euskara biziberritzeko esperientziak ezagutzen eta harremanak lantzen. Kurduerak ere baditu bere nahi eta ezinak euskarak bezala, baina lanerako gogotsu daude.
DSC00626
Emunera etorri ziren atzo eta lan mundua euskalduntzeko Emunek duen esperientzia eta ezagutza partekatu genuen. Interes handia daukate arlo sozio-ekonomikoan egiten ari garen lanaren inguruan. Kurdueraren normalizazioan arlo hau ere estrategikotzat daukate eta arreta handia jarri diote.

Gai baten bueltan aritu ginen batik bat: lan munduaren zein ezaugarri hartu behar ditugun kontuan euskararen normalizazioak bidea izan dezan. Enpresa kudeaketa ereduak, enpresa barneko kultura, lan egiteko ohiturak, sistematizazioa, enpresa antolamendua, hierarkia, enpresako komunikazio kanalak… horietan guztietan euskararen erabilera nola txertatu eta horren kudeaketa sistematizatu eta erakundetzeaz aritu ginen. Euskara planen finantzazioaz ere jakin-mina adierazi zuten.

Euskararen erabileraren ikuspegitik gaur egun esku artean ditugun erronkez ere galdegin ziguten. Ulermena ziurtatuta dagoen pertsonen arteko harreman eta lan-bileretan euskararen erabilera areagotzea erronken artean dugula adierazi genien.

Ondorio bat ateratzekotan, zera esango genuke: bai euskarak eta bai kurduerak, biziberritzeko dauzkaten trabak eta mugak antzerakoak dira, bakoitzak bere testuinguruaren araberako erantzuna topatu beharko badio ere.

Erantzun