Lau erabilera plan Tosepan kooperatibentzat

Asteazkena, 2018ko maiatzaren 2a

Apirilean Emun taldeko Txerra Rodriguez eta Garabideko Juan Luis Arexolaleiba Mexikon izan dira, Cuetzalan herrian. Bertan Tosepan mugimendu kooperatiboarentzat lanean izan dira eta, horren ondorioz, Euskal Herritik kanpo lehendabizi lau erabilera plan diseinatzen laguntzen aritu dira.

Lau erabilera plan horietatik hiru intentsiboak izango dira. Bertako hiru kooperatibetan jarriko dira martxan aurki, eta 2019ko amaierara arte iraungo dute. Epea amaituta, metodologia eta emaitzak ebaluatuko dira eta, horrekin, metodologia berria onartu egingo da, Tosepan taldeko beste kooperatibetan martxan jartzeko nauat hizkuntza biziberritzeko plangintzak.

Laugarren plana, berriz, orokorra da eta Tosepan talde osoari dagokio. Irizpide orokor batzuk ezarriko ditu plan honek kooperatiba guztientzako.

Azpimarratzekoa da Euskal Herritik kanpo lehendabizi probatu egiten dela gurean horren ohikoa den euskara planen metodologia. Horrez gain, azpimarratzekoa da Tosepan taldean lehendabizikoz pertsona bat arituko dela lan jardun osoz nauat hizkuntzaren biziberritzerako lanean.

Erantzun