Albisteak

Fagor: 20 urte euskara planetan

Astelehena, 2017eko urriaren 23a

Urriaren 25a gainean dugu. Eta egun horretan, besteak beste, Fagorrek ere 10 minutuko ponentzia aurkeztuko du Berrikuntza sozialeko jardunaldian.

Zer da euskara plan bat, lan munduan?

Enpresaren egunerokoan euskararen erabilera normalizatzeko plan bat da, edo beste modu batera esanda, hala nahi duen langile orok euskaraz lan egin ahal izatea bermatu nahi duen plan bat.

20 urte esaten da. Pentsatu behar dugu, beraz, ordura arte gaztelania hutsean egiten zela lan Fagorren?

Gaztelania zen lan hizkuntza, bai. Garai horretan oraindik euskaraz alfabetatu gabeko langile asko zegon Fagorren, ikasketa guztiak gaztelera hutsez egin zituztenak, eta horrek erabat baldintzatzen zuen barne dinamika.

20 urteotako ibilbideari begiratuta, zein aldaketa edo lorpen azpimarratuko zenituzke?

Lorpenak asko izan direla esango nuke, nahiz eta oraindik bidea gelditzen zaigun egiteko. Euskararen presentzia asko handitu da Fagorreko kooperatibetan, eta kasu gehienetan erabilera datuak kooperatibak kokatuta dauden herriek dituztenak baino altuagoak dira. Beste datu esanguratsu bat aipatzearren, kooperatiba batzuetako Batzar Nagusiak euskara hutsean egiten direla aipatuko nuke, orain dela zenbait urte pentsaezina zena.

Kooperatiba eta enpresetan euskara planen bueltan egiten den lana gizarteak ezagutzen duela uste duzu? Baloratzen du gizarteak lan munduaren ekimena?

Nik esango nuke ez dela gehiegi ezagutzen, eta ondorioz, baloratu ere ez. Baina lanaren esparrua ere oso garrantzitsua da euskararen normalizazioa lortu ahal izateko.

Euskara planak hizpide Berrikuntza Sozialaren inguruko Jardunaldi batean. Berri xamarra da hori.

Baina ez da hain arraroa. Azken baten, euskara planak garaiko gizartean pil-pilean zegoen erronka edo behar sozial bati erantzuna emateko jarri ziren martxan, urte luzez debekatua egon zen gure hizkuntza berreskuratzeko erronkari, hain zuzen ere. Eta gainera hasierako bultzada hori oso oinarritik etorri zen.

Irakurtzen jarraitu...

Emuneko pertsonal burua den Amaia Etxaniz kooperatiban egindako hausnarketa eta hartutako neurrien inguruan arituko da jardunaldian.

Azken urteotan gero eta gehiago entzuten den kontziliazioa ez da gauza berria Emun kooperatibako kideentzat. Pertsonal burua den Amaia Etxanizen hitzetan, urteetan gehiegi pentsatu gabe eta halabeharrez landutako zerbait izan zen kontziliazioa. Kooperatibaren izaerari lotuta eta Emunkideen egoera pertsonalek horrela bideratuta landu zen zerbait. Hala, eszedentziak edota lan jardun murriztuak aspaldiko kontua dira kooperatiban.

Gizarteko behar bati erantzuten
Urteekin, ordea, Emunen behar eta egiteko modu partikularretatik gizarteko behar bati erantzuten ari zirela ohartu eta lanketa sakonagoari heldu zioten. Etxanizek “kontzientzia hartze bat” bezala gogoratzen ditu 2004 eta 2007 urteen artean egindako hausnarketak eta oinarri horiekin hasi ziren gero, 2010ean, kolektibo osoarekin gaia lantzen.

2012tik aurrera, berdintasuna eta kontziliazioa lanerako ardatzak dira Emunentzat. Tartean lan horren aitortza ere jaso du batean eta bestean. Emakundek Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako lankidetza erakunde gisa izendatu zuen 2015ean bigarrenez, eta asko dira Emunera iritzi eta laguntza eske gerturatu diren enpresa eta erakundeak.

Amaia Etxaniz, Gipuzkoako Foru Aldundiak kontziliazioaren inguruan antolatutako ekitaldi batean Emunen esperientziaren berri ematen.

Gustura lan egiteko modua
Kooperatibaren ikuspegitik, errentagarritasunean eragina dauka zalantzarik gabe: besteak beste, absentismoa mantendu egin da igo beharrean, lizentzia orduak jaitsi, eta langileari errazagoa zaio lan orduetan lanean kontzentratzea.

Modu zuzenean, noski, langilea da kontziliazioaren onuradun zuzena, eta horrek erabateko eragina dauka kooperatiban. Langileen gogobetetzeak gora egin du kontziliazio neurrien eraginez eta “lan sari ekonomikoarekin ordaintzen ez dena lan sari emozionalarekin orekatzea” lortu du Emunek.

Adibideak adibide, eta onurak onura, kontua da %62a emakumeak diren kooperatiba batean Zuzendaritzako kideen %86a direla emakumeak; eta hori ez da kasualitatea.

Irakurtzen jarraitu...

ULMA taldea ere egongo da Emunek urriaren 25ean antolatu duen Berrikuntza sozialaren bideak izeneko jardunaldian. Hori dela eta, haiekin egon gara euren proiektuaren berri izateko.

“Behar sozialei erantzun egokia emateko formula berriak” esaldi potoloa da gero. Zer ulertu behar dugu horrekin?

Bai, hori titular apur bat ponpoxoa da… Berez, formula horiek ez dira guztiz berriak, berria izan litekeena da gure jarduerari arlo sozialean eman nahi diogun sistematizazio puntua: arloak eta beraien pisua edo garrantzia zehaztu, lehentasunezko kolaboratzaileak izendatu, diru laguntzak emateko irizpide zehatzak zehaztu,…

Nondik edo zer dela eta sortu zen behar hori?

Alde batetik, ULMAn bagenituen diru laguntzak emateko irizpide orokor batzuk, baina orokorregiak ziren eta askotan izaten genituen zalantzak. Honekin, hartzen genituen erabakiek ez zeukaten oinarri sendo bat eta ez ziren justifikatzeko erreza izaten. Bestetik, diru laguntzak ematen genituen, bai, baina ez ginen proiektu sozialetan asko murgiltzen.

Zein da, orain artean Kooperatibak egiteko zuen moduarekin alderatuta, aldaketa nagusia?

Jadanik kolaboratzaile berezi batzuk izendatu ditugu eta bagabiltza beraiekin ekintzak antolatzen eta ideiak garatzen. Hortaz gain, askoz garbiago dauzkagu gauzak gure jarduera soziala bideratzeko eta baita diru laguntzak emateko ere.

Beharrak berdinak izanda ere, zergatik hasi horiei erantzuteko formula berrien bila?

Oso ikuspegi enpresariala geneukalako eta kooperatiba bat ez delako hori bakarrik, proiektu sozio-enpresariala baizik. Alderdi sozial horri behar den garrantzia emateko beharra ikusi dugu.

Nabari duzue eraginik?

Apur bat goiz da hori esateko gure bazkide eta gizartearen ikuspegitik, baina gai honetan lanean ari garenok bai nabari dugu aldaketa handiak: ipar bat daukagu, funtzionatzeko sistematika bat, bagabiltza proiektu batzuk garatzen eta ideia eta aukera pila bat irteten ari dira.

Irakurtzen jarraitu...

Emunek urriaren 25ean berrikuntza sozialaren inguruko jardunaldia antolatu du Donostian. Jardunaldian hainbat proiektu aurkeztu egingo dira. Horien artean, Bagarak bere burua aurkeztu egingo du. Bagara zer den gehiago jakiteko, elkarrizketa hauxe egin diegu bertako kideei.

Zer da Bagara?

Debagoienaren eraldaketa sozialean eta garapen komunitarioan eragiteko tresna izateko sortutako erakundea da Bagara.

Zergatik / Nondik sortua da?

Eragile sozial eta kooperatibo ezberdinen hausnarketa eta elkarrizketatik jaio zen Bagara, Debagoienaren garapen integrala ipar, pertsonen, komunitatearen eta ingurunearen neurrira ekarritako eskualde humanoagoa eraikitzeko.

Zein berezitasun/ezaugarri ditu?

Lehenik eta behin, Bagarak eraldaketa sozialerako eskualde mailako marko bat irudikatzen du, eta honen baitan kokatzen da. Norabide horretan  eskualdeko eragileen konfluentziatik eta konfluentzia helburu lan egiten duela aipatu dezakegu, pertsonak eta komunitatea erdigunean kokatzen direlarik. Pertsona, eragile eta oro har komunitatearen autoeraketa eta lankidetzatik formulatzen du eskualdearen garapena eta eraldaketa soziala.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Zein helburu ditu?

Debagoiena iraunkorrago, humanoago, euskaldunago, autoeratuago edota lankideago bat lortzea izan dira Bagararen oinarriparrak hasieratik.

Azken urteotan, helburu hauek lortzeko, eragileen baitan eraldaketa soziala, trantsizio energetikoa, elikadura burujabetza eta ekonomia sozial eraldatzailea sustatzea izan dira lan ildo nagusiak.

Zer da Bagara? Kooperatiba? Elkartea? …?

Irabazi asmorik gabeko kooperatiba da Bagara, lan elkartuko kooperatiba integrala: bazkide laguntzaileak (kooperatiba industrialak,  hezkuntza eragileak, zerbitzu kooperatibak), bazkide erabiltzaileak (eragile sozialak eta norbanakoak) eta bazkide langileak ditu bere baitan.

Zer da Bagararentzat Berrikuntza soziala?

Azken aldian gure inguruan zeresana izaten ari den kontzeptua izateaz gain, eraldaketa sozialaren norabidean tresna interesgarria iruditzen zaigu. Bertako eta kanpoko metodologia eta egitasmo ezberdinak ezagutzeko parada izan dugu azken aldian eta Bagararen estrategia nahiz egitekoetan oso interesgarriak izan daitezkeen elementuak identifikatu ditugu.

Zer iruditzen zaizue Emun bezalako kooperatibak berrikuntza sozialaren alorrean lanean aritzea?

Interesgarria da beti modu batera edo bestera eraldaketa soziala helburu duten eragileak norabide horretan egon daitezkeen eremu, ildo edota estrategiatan lanean aritzea. Bakoitzaren ekarpenetik eta baita ezberdinen konfluentziatik ere eraginkorragoak izango gara partekatzen ditugun helburuak lortzeko, eta kasu honetan, Emun Bagararen parte ere badenez, are interesgarriagoa da.

 

 

Irakurtzen jarraitu...

Emunek urriaren 25ean berrikuntza sozialari buruzko jardunaldia egingo du Donostian. Jardunaldian bertan hainbat proiektu berritzaile aurkeztuko dira. Horien artean, Brisa del Cantábrico izenekoa. Proiektua gehiago ezagutzeko elkarrizketa egin diegu bertako kideei. Elkarrizketa gaztelaniaz egin diegu eta euskarazko hau haren laburpena baino ez da. Elkarrizketa osorik irakurtzeko, jo gaztelaniazkora.

Zer da Brisa del Cantábrico?

Kontsumitzaile eta erabiltzaileen kooperatiba bat da, ekimen sozialekoa eta irabazi asmorik gabekoa. Kantabriako San Miguel de Meruelo herrian garatzen ari gara seniorrentzako etxebizitza eta asistentzia-gune bat.

Kooperatibako kideok, bizitzaren arratsean pentsatuz, planifikatu gura dugu bizitzaren etapa hori, beste batzuek gugatik planifikatu aurretik.

Gainera, komunitatean egin nahi dugu. Ez dugu bakarrik bizi nahi, ez dugu senideen etxeetan bizi nahi, ez dugu zahar-etxe batean bizi nahi.

 

 

 

 

 

 

 

 

Zer ezaugarri ditu proiektuak?

Proiektua parte-hartzailea da, auto-sustatua, auto-diseinatua eta auto-gestionatua. Zahartze aktiboa eta elkarren arteko laguntza azpimarratzen dugu, boluntariotzaren bidez. Baina alde afektiboan, ez pardelak aldatzeko, horretarako langileak daude eta.

70.000 metro koadroko espazioa dugu eta bertan eraiki nahi ditugu 170-190 etxebizitza inguru, 2.000 metro koadroko espacio komuna, 20 etxebizitza gonbidatuentzat eta abar.

Zer da zuentzako Berrikuntza Soziala?

Gure proiektua soziala da (baliabide ekonomikoak dituzten pertsonen eskura) eta berritzailea da. Izan ere, zahartzaroa erabakitzeko ahalmenarekin eta independentziarekin lotzen baitu amaierara arte.

Irakurtzen jarraitu...

Garesen Ermineta izeneko eraikina erabili nahi dute zentral bat egiteko. Haiekin aritu gara solasean eta eurak ere izango dira Emunek urriaren 25ean egingo duen jardunaldian.

Zer da Garesko zentralaren proiektua?

Herrian abandonaturik daukagun zentral hidroelektrikoa berreskuratu nahi dugu, martxan jarri irizpide etikoekin eta ekoiztutako energia herrian bertan kontsumitu autokontsumo baten bidez.

Gure proiektua baino lehen bi aurreproiektu egon ziren zentralaren eraikina berreskuratzeko, baina biak salmentara bideratuak, errentagarritasunik gabekoak. Handik hartu genuen ideia.

Garesko udalaren eta Energia Gara kooperatibaren artean kudeatzen ari gara proiektua.

Ermineta

Zer helburu ditu?

Helburuaz aparte, bideak eta prozesuak berak ere garrantzi berezia du. Era berean, Estatu mailako legea gainditu egin nahi du. Baina, tira, helburu zehatzak hauek lirateke: subiranotasun energetikoa berreskuratzea, herria eta energiaren kontzeptuaren arteko erlazioa estutzea, tokian energia berriztagarria ekoiztea eta kontsumitzea…

Zer da zuentzat berrikuntza soziala?

Gizarteari etika irizpide duten alternatibak proposatzea da guretzat berrikuntza soziala.

Zer iruditzen zaizue Emun bezalako kooperatibak berrikuntza sozialaren alorrean lanean aritzea?

Guztion lana ezinbestekoa da, baina Emunek gure hizkuntzarekin egiten duen lana, gure gizartearen zulo garrantzitsu bat betetzen du.

Irakurtzen jarraitu...

Txantrea auzoan kokatuta dagoen proiektua da GAKOA. Txantreako Gazte Mugimenduak bultzatutako diagnostiko eta hausnarketetatik abiatuta, auzoan alternatiba baten beharra zegoela ikusi zuten. Ordutik, bertako errealitatean eraginez, gazteek beraien lanaren eta bizitzaren jabe izateko dituzten zailtasunei aurre egiteko asmoz dihardute lanean.

Lana eta Etxebizitza, bi ardatz.

Bai, horrela da, bi ardatzen inguruan sortu zen GAKOA:

Lehenengoa, gure lanbidearen nolakotasunak guk definitzea: batzarrean erabakiak hartuta, praktika feminista bermatzen saiatuz, ekologismoaren aholkuak jarraituta, nahi ditugun lan orduak lan eginez,…

Eta bigarrena, auzoko gazteok lan munduan garatu nahi ditugun proiektuak piztuz eta bultzatuz. Alegia, bakoitzak bere eremutik eraginda, irabazi asmorik gabeko kooperatiba forma juridikoaren barnean aterabide kolektiboa bilatuz.

Gazteek, gazteentzat.

Gazteetatik eta gazteentzat egindako kooperatiba da, gazteen beharretan, baloreetan eta errealitatean oinarrituta. Euskararekiko konpromisoan eta parekidetasuna bermatuz jarduten da.

Zer da zuentzat berrikuntza soziala?

Berrikuntza soziala gurera ekarrita, egungo gazteriak lan munduan dituen arazoei erantzun berriak bilatzea da. Azken urteetako kapitalismoaren erasoaldiak izaki, belaunaldi berrien egoera sozioekonomikoa nabarmen laztu da eta honi aurre egiteko eredu berri bat eraikitzeko ardura dugu. Beste plano batean, egunerokoan pairatzen ditugun zapalkuntzek (genero, hizkuntza, hezkuntza, kultura, eta abar) antolakuntza honetara bultzatzen gaitu.

Zer iruditzen zaizue Emun bezalako kooperatibak berrikuntza sozialaren alorrean lanean aritzea?

Euskal Herriak bere buruaren jabe izan nahi duen heinean, ezinbestekoa da Emun bezalako eragileek burutzen duten lana. Honek errealitate eta ideia ezberdinak ezagutu eta elkar trukatzeko aukera ematen digu, proiektu ezberdinak elikatuz.

Irakurtzen jarraitu...

Jabe ugari izan ondore, Etxauzia jauregia hautatu du herriak herriarentzat izan dadin. Hamar mendeko historia duen gaztelua erosi eta herriarena izan dadin, helburu horrekin batu ziren hainbat baigorriar duela bi urte eta Etxauzia Nafartarren Etxea deituriko elkartea sortu zuten.

Zein ezaugarri du Etxauziak?

Parte-hartzailea, irekia eta inklusiboa da gure Elkartea. Baigorritik eta eskualdetik abiatzen da baina ikuspegi nazionala txertatzen du bere lanean. Euskal Herriaren Barnealdea aktibatu eta biziarazteko lanean, lau zutabeko proiektua da proposatzen duguna:

  1. Ekonomian, Lantegi Elkargoa osatu dugu eskualdeko enpresa eta kooperatiba ugarirekin, enplegua eta aktibitatea sortzeko estrategia eta zerbitzu komunak izateko; gainera, Euskal Herri osoko enpresa eta kooperatibekin elkarlana egiteko sareak osatzen ari gara.
  2. Ondareari dagokionez, Gazteluaren eta Nafarroaren historia esplikatzeko gunea izango da Etxauzia: hainbat gela izango ditu interpretazio zentro batera bideratuta.
  3. Kultura mailan, kafe-antzoki edo “kafe-gaztelu” moduan lan egingo du, Barnealdera Euskal Herri osoan mugitzen diren ikusgarriak ekarriz nahiz bertako sortzaileei espazio bat eskainiz.
  4. Diaspora zentroa ere izango da Etxauzia, mundu osoko euskaldunei harrera nahiz genealogia zerbitzuak eskainiko dizkiena: egungo administrazioen mugak gaindituz (EAE; Nafarroako Foru Erkidegoa eta HELEP), zazpi lurraldeetako diasporako euskaldunekin lanean ariko dena.

 

Zein helburu ditu?

Etxauzia Elkartearen helburua bikoitza da: batetik, Etxauzia gaztelua erosi nahi dugu, herritarrona izan dadin. Horretarako, diru bilketa kanpaina egiten ari gara Euskal Herri osoan eta diasporan. Bigarrenik, proiektu zabala ari gara garatzen, ekonomian, kulturan, ondarean eta diasporan oinarrituta. Gure proiektuaren leloa “Zabal eta Bizi” da, hain zuzen ere, horregatik: herritarrentzat itxia izan den ondarea zabaldu nahi dugulako, eta hortik abiatuta Euskal Herri barnealdea biziarazteko lana egin nahi dugulako.

Zer da Etxauziarentzat Berrikuntza soziala?

Azken hamarkadetan bizi ditugun hainbat joera ekonomiko eta kulturalen aurrean, herritarrak elkartu eta bide berriak proposatzeko beharra dago: lan komunitario eta kolektibotik, behetik, modu horizontalean eta sareak eraikiz posible da gure ingurunea aktibatu eta aurrerapausoak ematea. Gure lurraldean, gure geroaren jabe izateko giltza herritarrak gara. Etxauziak proposatzen duen bidea da eragile guztiak (sozialak, instituzionalak, ekonomikoak eta herritarrak) elkarlanean aritzea. Horrela, lanerako hitzarmenak egiten ari gara erakunde eta elkarte ugarirekin, sinetsita gaudelako saretze horrek posible egingo duela ditugun erronkei erantzutea.

Zer iruditzen zaizue Emun bezalako kooperatibak berrikuntza sozialaren alorrean lanean aritzea?

Bikain. Etxauzia Elkartearentzat aukera bikaina da zuen proiektua ezagutu eta elkarlana abiatzea.

Irakurtzen jarraitu...