ULMA: behar sozialei erantzun egokia emateko formula berriak

Asteazkena, 2017eko urriaren 4a

ULMA taldea ere egongo da Emunek urriaren 25ean antolatu duen Berrikuntza sozialaren bideak izeneko jardunaldian. Hori dela eta, haiekin egon gara euren proiektuaren berri izateko.

“Behar sozialei erantzun egokia emateko formula berriak” esaldi potoloa da gero. Zer ulertu behar dugu horrekin?

Bai, hori titular apur bat ponpoxoa da… Berez, formula horiek ez dira guztiz berriak, berria izan litekeena da gure jarduerari arlo sozialean eman nahi diogun sistematizazio puntua: arloak eta beraien pisua edo garrantzia zehaztu, lehentasunezko kolaboratzaileak izendatu, diru laguntzak emateko irizpide zehatzak zehaztu,…

Nondik edo zer dela eta sortu zen behar hori?

Alde batetik, ULMAn bagenituen diru laguntzak emateko irizpide orokor batzuk, baina orokorregiak ziren eta askotan izaten genituen zalantzak. Honekin, hartzen genituen erabakiek ez zeukaten oinarri sendo bat eta ez ziren justifikatzeko erreza izaten. Bestetik, diru laguntzak ematen genituen, bai, baina ez ginen proiektu sozialetan asko murgiltzen.

Zein da, orain artean Kooperatibak egiteko zuen moduarekin alderatuta, aldaketa nagusia?

Jadanik kolaboratzaile berezi batzuk izendatu ditugu eta bagabiltza beraiekin ekintzak antolatzen eta ideiak garatzen. Hortaz gain, askoz garbiago dauzkagu gauzak gure jarduera soziala bideratzeko eta baita diru laguntzak emateko ere.

Beharrak berdinak izanda ere, zergatik hasi horiei erantzuteko formula berrien bila?

Oso ikuspegi enpresariala geneukalako eta kooperatiba bat ez delako hori bakarrik, proiektu sozio-enpresariala baizik. Alderdi sozial horri behar den garrantzia emateko beharra ikusi dugu.

Nabari duzue eraginik?

Apur bat goiz da hori esateko gure bazkide eta gizartearen ikuspegitik, baina gai honetan lanean ari garenok bai nabari dugu aldaketa handiak: ipar bat daukagu, funtzionatzeko sistematika bat, bagabiltza proiektu batzuk garatzen eta ideia eta aukera pila bat irteten ari dira.

Erantzun