Loading...

berrikuntza soziala

Gure gizarteak dituen arazo, erronka eta behar berri eta konplexuei erantzun berritzailea ematea

Gure gizarteak dituen arazo, erronka eta behar berri eta konplexuei erantzun berritzailea ematea dela ulertzen dugu berrikuntza soziala. Justizia soziala eta aukera berdintasuna ditugu helmuga, eta horietara heltzen saiatzen gara gure eguneroko jardunean eta gure zerbitzuen bidez. Euskararen biziberritzea izan da gure ardatz nagusia urteetan. Euskarak parekidetasuna lortzea eta arlo sozioekonomikoan dagokion lekua ematea da gure xede nagusia. Azken helburu hori albo batera utzi gabe, eragiteko esparrua zabaldu dugu, eta beste lan arlotan ere jarduten dugu gaur egun, hala nola, gizartearen aniztasunaren kudeaketan, kulturaren kudeaketan edo herritarren parte hartze arloetan.

Lankidetzan bideraturiko erronkek gizarteari ekarpen aberatsagoa egiten diote eta, seguraski, arrakastarako aukerak zabaltzen dituzte. Horregatik guztiagatik, hainbat bidelagunekin dihardugu elkarlanean, hala nola, Bagara, Innobasque, Garabide, Soziolinguistika Klusterra, Kontseilua, Langune, Aldazank…

Emunek berrikuntza soziala xede du bere zerbitzuetan eta, gainera, kooperatiba izateak ematen dizkigun abantailak aprobetxatzen ditugu, gizarte eraldaketa Emun barneko bizitzan ere bultzatuz. Alegia, gure barne kudeaketan 90 emunkideak erdigunean jartzen ditugu, sozialki berritzaileak diren politiken bidez. Pertsonen garapen integrala bilatzen dugu, garapen profesionala, emozionala eta pertsonala. Kultura berritzailea eta parte hartzailea bultzatzen ditugu, pertsona eta profesional gisa eragile aktibo izan gaitezen Emunen barruan eta gizartearentzako zerbitzuetan.

Berrikuntza sozialeko gaiak lantzeko hausnarketa prozesu kolektiboak egiten ditugu hainbat gairen inguruan: gure balioen gainean, zer-nolakoak izan nahi dugun, gure lana nola kudeatu nahi dugun, zeren inguruan eraiki nahi dugun gure lan ingurunea… erabaki ausartak hartu ditugu, jarrera kritikoa eta elkartasuna ardatz hartuta.

Urte hauetan guztietan elikatu den prozesua izan da, heziketa kooperatiboaren bidez, antolaketa parte hartzailearen bidez, kritikak egin eta jasotzeko ingurune osasuntsuak landuz, norbanakoen eta talde mailako emozioen kudeaketa hezitzailea landuz.

Bidea eginez hainbat erronkari erantzun diegu, baina egun badira bestelako erronkak ere, eta etorkizunean horiek lantzeko erabakia hartuta dugu, gure balioak jorratzen jarraitzeko ezinbestekoa dela uste dugulako. Modu sistematikoan zein iraunkorrean, erakunde gisa, hobetzekoak identifikatu eta hobekuntza horiek inplementatzen joango gara: etikoagoak diren aseguru eta bankuen erabilera, aztarna ekologikoaren jaitsiera eta energia berriztagarrien aldeko apustua…

Bide hau ezingo dugu bakarrik egin, eta, gainera, ez dugu horrela egin nahi. Zuekin batera egin nahi dugu; beraz, gure bidelagun izateko gonbita duzue hau, elkarrekin errazagoa izango zaigu amestutako mundu iraunkor eta parekidea eraikitzea.