amsterdam

Joan den urriaren 10ean zientzia zein teknologiaren sektorearen emakumeek duten parte hartzearen inguruko Engendering STEM izeneko jardunaldiak izan ziren Amsterdam hirian eta bertan izan zen Emuneko ordezkari bat ere. Bergarako Miguel Altuna lanbide heziketako institutua iaztik ari da Erasmus+ programaren baitako ekimen honetan parte hartzen Eskozia eta Herbehereetako beste erakunde batzuekin batera, neska gazteak ikasketa tekniko eta zientifikoetara nola gerturatu aztertzen. Helburua, STEM (zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematikak) sektorean diharduten Enpresa Txiki eta Ertainei genero berdintasuna eta aniztasunari lotutako praktika onen erakusleiho bat eskaintzea da eta praktika onen inguruko foro bat artikulatzea da.

STEM sektorea abiada izugarrian ari da hazten Europan, baina enpresek gaitasun eta ezagutza hauek dituzten pertsonak behar dituzten arren, hauek betetzeko aurreikuspenak ez dira hain positiboak, are gutxiago emakumeen parte hartzetik aztertuz gero.  Adibidez, Britainia Handian 2024 urterako 185.000 ingeniari beharko direla aurreikusten da, baina gaur eguneko ikasketa datuak aztertuta, emakumeak azpi ordezkatuta daudela argi ikusten da; ingeniaritzatan %9a besterik ez dira.

Kezka honetatik abiatuta hasi dira Europako hezkuntza erakunde hauek elkarlanean, marko komun bat ezarri eta praktika onak elkarbanatzeko dinamikak sortzen. Hortik sortu da Engendering STEM izeneko jardunaldi hau ere. Miguel Altuna Institutuak gonbidatuta Emuneko ordezkaritza batek ere parte hartu zuen Amsterdamen antolatutako bilkuran, Euskal Herriko beste hamaika eragiletako ordezkariekin batera, besteak beste, Gipuzkoako Foru Aldundia, Ikaslan, Adegi, Dikar edo Elursa enpresetako kideak.

Programa honetan parte hartzen duten eragileen aurkezpenarekin ekin zitzaion jardunaldiei, Miguel Altuna Institutua, Eskoziako Equate erakundea, City of Glasgow College eta Herbeheretako VHTOk euren proiektuaren berri eman zutelarik. Ostean, STEM esparruan emakumeen parte hartzea sustatzen ari diren hainbat kasu praktiko ezagutzeko aukera izan genuen, programan parte hartzen duten herrialdeetako adibideak aztertuz. Bazkalostean, programako eragileen artean sortu duten aurre-diagnosirako tresnaren aurkezpena ere aurreratu zuten,  erakundeetako kideek genero berdintasunaren inguruan dituzten pertzepzioak jaso eta aztertzeko baliagarri izatea espero dutena. Hiru tailer antolatu ziren gero: emakumeak sektorera gerturatzeko pausu praktikoen ingurukoa bat, hurrengo belaunaldiengana nola iritsi aztertzeko beste bat, eta egiturazko botere harremanen eta inkontzientzian ditugun aurreiritziak identifikatzeko azken bat.

Iraitz Agirre Genero berdintasuneko Emuneko aholkulariak parte hartu zuen adituen mahaiarekin amaitu zen jardunaldia. Bertan, Emunek euskara planetan egindako ibilbidearen berri eman zuen eta esperientzia horretatik genero berdintasunerako baliagarri izan daitezkeen ikasgaiak aztertu eta egokitzen ari garela aipatu zuen, besteak beste. Era berean, genero berdintasuna eta kooperatibagintzaren arteko harremanez ere mintzatu zen Agirre.

Irakurtzen jarraitu...