garabide

Aditu ikastaroan i(ra)kasten

Asteartea, 2018ko azaroaren 6a

Urriaren 31n, Hizkuntza Biziberritzeko Estrategiak Aditu Ikastaroa egiten ari diren 18 lagun izan genituen gurean, hizkuntza berreskurapenaren inguruan lanean ari diren herri indigenetako erakundeetako ordezkariak guztiak.
Hizkuntzen berreskurapen prozesuan lagungarri diren ezagutza teorikoak jasotzen ari dira Garabideren ikastaldian, baina baita euskararen berreskurapen prozesua bultzatzeko arlo desberdinetan sortu diren proiektu eta esperientzia praktikoak bisitatzen ere.
Adituko ikasleak Emunen izan ziren gure jarduna ezagutzen. Goizean Emun erakunde gisa nola dagoen eratuta azaldu genien eta zeintzuk ziren esku artean genituen proiektuak, zerbitzuak eta egitasmoak. Eguerdian, Fagor Elektronikako euskara plana bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zuten.
Batzuentzat berria izan da kontatu dieguna, baina beste batzuekin aurreko urteetatik harremanetan geundenez, beraien proiektuetako berri izan eta lankidetza indartzeko baliatu dugu bisita.
Irakurtzen jarraitu...

Lau erabilera plan Tosepan kooperatibentzat

Asteazkena, 2018ko maiatzaren 2a

Apirilean Emun taldeko Txerra Rodriguez eta Garabideko Juan Luis Arexolaleiba Mexikon izan dira, Cuetzalan herrian. Bertan Tosepan mugimendu kooperatiboarentzat lanean izan dira eta, horren ondorioz, Euskal Herritik kanpo lehendabizi lau erabilera plan diseinatzen laguntzen aritu dira.

Lau erabilera plan horietatik hiru intentsiboak izango dira. Bertako hiru kooperatibetan jarriko dira martxan aurki, eta 2019ko amaierara arte iraungo dute. Epea amaituta, metodologia eta emaitzak ebaluatuko dira eta, horrekin, metodologia berria onartu egingo da, Tosepan taldeko beste kooperatibetan martxan jartzeko nauat hizkuntza biziberritzeko plangintzak.

Laugarren plana, berriz, orokorra da eta Tosepan talde osoari dagokio. Irizpide orokor batzuk ezarriko ditu plan honek kooperatiba guztientzako.

Azpimarratzekoa da Euskal Herritik kanpo lehendabizi probatu egiten dela gurean horren ohikoa den euskara planen metodologia. Horrez gain, azpimarratzekoa da Tosepan taldean lehendabizikoz pertsona bat arituko dela lan jardun osoz nauat hizkuntzaren biziberritzerako lanean.

Irakurtzen jarraitu...

Aste honetan Garabideko aditu tituluan parte hartzen ari diren 19 kideekin eta Garabideko Maddi, Txema, Julen eta Vivianarekin Emunek azken 20 urteotan lan mundua euskalduntzeko bidean ikasitakoak partekatzeko aukera ederra izan dute Olatz Olaso eta Igone Bastarrikak.

Garabide_Olaso_BastarrikaEuskara planen oinarri metodologikoak, prozesua eta ezaugarriak aztertu ostean, elkarrizketa oso interesgarria sortu da enpresa edo edozein motatako entitate batean hizkuntza biziberritzeko prozesu batek ekar ditzakeen abantailen inguruan. Eta betiko moduan, kezka komunak dauzkagula konturatu gara: goitik behera ezarritako hizkuntza politika batek lankideen motibazio eta konbentzimendu gabe ez duela balio, pertsonek hizkuntza baten ikasketa prozesua abiatzeko behar duten motibazioa eta jarrerak nola landu, marketinean nola erabili hizkuntza eta kultura bat folklorismoan erori gabe…

Oraingoan ere, elkartrukean dagoela benetako ikasketa konturatu gara. Eskerrik asko, Tlasojkamati, Nib óolal, Matyox, Wech we’we, Yupay chani, Chaltu, Yspayarpa, Aguyjè, Nasiara

Irakurtzen jarraitu...

Kurduak enpresetako euskara planak ezagutzen

Osteguna, 2015eko abenduaren 10a

Garabide elkarteak kurdueraren garapenean eta normalizazioan lan egiten dutenekin esperientzia-truke iraunkorra dauka. Horrela, egunotan gure artean dabiltza arlo ezberdinetako euskara biziberritzeko esperientziak ezagutzen eta harremanak lantzen. Kurduerak ere baditu bere nahi eta ezinak euskarak bezala, baina lanerako gogotsu daude.
DSC00626
Emunera etorri ziren atzo eta lan mundua euskalduntzeko Emunek duen esperientzia eta ezagutza partekatu genuen. Interes handia daukate arlo sozio-ekonomikoan egiten ari garen lanaren inguruan. Kurdueraren normalizazioan arlo hau ere estrategikotzat daukate eta arreta handia jarri diote.

Gai baten bueltan aritu ginen batik bat: lan munduaren zein ezaugarri hartu behar ditugun kontuan euskararen normalizazioak bidea izan dezan. Enpresa kudeaketa ereduak, enpresa barneko kultura, lan egiteko ohiturak, sistematizazioa, enpresa antolamendua, hierarkia, enpresako komunikazio kanalak… horietan guztietan euskararen erabilera nola txertatu eta horren kudeaketa sistematizatu eta erakundetzeaz aritu ginen. Euskara planen finantzazioaz ere jakin-mina adierazi zuten.

Euskararen erabileraren ikuspegitik gaur egun esku artean ditugun erronkez ere galdegin ziguten. Ulermena ziurtatuta dagoen pertsonen arteko harreman eta lan-bileretan euskararen erabilera areagotzea erronken artean dugula adierazi genien.

Ondorio bat ateratzekotan, zera esango genuke: bai euskarak eta bai kurduerak, biziberritzeko dauzkaten trabak eta mugak antzerakoak dira, bakoitzak bere testuinguruaren araberako erantzuna topatu beharko badio ere.

Irakurtzen jarraitu...

Garabidekoen bisita Emunen

Asteazkena, 2013eko azaroaren 6a

Garabidek  eta Huhezik antolatzen duten  Jatorrizko Hizkuntza Biziberritzeko Estrategiak Aditu Titulua egiten ari den lagun taldea izan dugu Emunen gaur goizean.

Hasierako ongi etorriaren ondoren,  Emunen lanaren berri eman diegu, guztion artean solasalditxoa eginaz.

Harreran, txalaparta, poesia eta ondorengo jotak izan ditugu, besteak beste:

EUSKALDUNOK EZAGUTZEN

BAZTERRETIK BAZTERRERA

EZERTAN HASI AURRETIK

ONGI ETORRI EMUNera!

 

MIERCOLES POR LA MAÑANA

AQUÍ EN EMUN REUNIDOS,

ES LA HORA DEL SALUDO

ONGI ETORRI BIENVENIDOS!

 

AHORA  SOMOS MUY MODERNOS

CASI TODO ES DIGITAL,

EL TRATO HUMANO Y DIRECTO

UNA CUESTION VITAL.

 

AZKEN ALBISTE TXARREKIN

JENDEA DA NAHIKO JOTA,

GIRO HORI ALAITZEKO

BERTSOZ NAFARROAKO JOTA.

 

EMUN DUGUNEZ EUSKARA

TA BERRIKUNTZA SOZIALA,

KONTURAUKO ZINATENEZ

GURE ERRONKA EZ DA MAKALA.

 

EMUN ADEMAS DE EUSKERA

ES INNOVACIÓN SOCIAL,

DÍA A DÍA COMPLICADO

Y OBJETIVO GENIAL.

 

SOMOS UN PUEBLO PEQUEÑO

QUE EN CUENTA HAN DE TENER,

SOMOS UN PUEBLO EN MARCHA

Y CON MUCHO QUE APRENDER.

 

NUESTROS ANHELOS SON JUSTOS

TRABAJEMOS  CON SOLTURA,

VIVAN LOS PUEBLOS DEL MUNDO

GENTES, LENGUAS Y CULTURAS.

Irakurtzen jarraitu...