Gazte lokalen araudiaren lanketa

Gazte aisialdirako lokalen araudia sortzeko parte hartze prozesuak.

Gazteen aisialdirako txokoak arazo sozialen iturri direlako pertzepzioa dago hedatuta gure inguru hurbilean. Gazteen aisialdirako txokoek komunikabideetako agenda publikoan duten presentzia txoko horietako batzuen inguruan sortu izan diren arazoekin soilik daude lotuta ia beti. Arazo horien inguruko albisteak edo arazo horien kontrako ekimenak (ordenantzak, epaiketak, errepresioa…) izan ohi dira herritarrek handik eta hemendik jasotzen dituztenak.

Gazteen aisialdirako txokoek dituzten bestelako balioak ez dira nabarmentzen oro har herritarrenganako mezuetan, baina balio positiboak ere badituzte gazteen aisialdirako lokal edo txokoek, bai gazteentzako eta bai gizartearentzako oro har. Beraz, gazte txokoen inguruko fenomenoari aurre egin baino, alde batetik, gazteen beharrak eta eskubideak eta, bestetik, bizilagun, lokal jabe eta oro har herritarrek lasai bizitzeko eskubidea ezkonduko dituen oreka baten bila jo beharko genuke. Eta oreka horren inguruko adostasunerako oinarriak hauek izan beharko lirateke: txokoen gaiaren ertz guztien inguruko pedagogia egitea, alde guztien arteko elkar ezagutzea eta konfiantza giroa sustatzea, batzuen eta besteen beharrak eta arazoak ikus-sentitzea eta “denok irabazle” ikuspegia zabaltzea.

Emunek zerbitzu eskaintza honen planteamenduan balio horiek guztiak jaso nahi ditu, ordenantza zirriborro bat sortu edo hobetzetik haragoko perspektibarekin: alde guztien parte hartzearekin, elkarrenganako ezagutza eta konfiantza handituz, bizikidetza neurrien inguruko adostasunaren bila goaz, alde guztien arteko bizikidetza eta interesak irabazten atera daitezen.