Estres linguistikoari aurre egin ahal zaio
2014-06-12
Hizkuntza asertibitatea: portaera ezaugarriak
2014-07-17

Nola definitu hizkuntza asertibitatea?

TELP tailerretan hizkuntza asertibitateari buruz hitz egiten dugu. Berau praktikan jartzearen garrantzia azpimarratzen dugu. Sarrera honetan hizkuntza asertibitatea definitu eta azaltzen saiatuko gara.

Asertibitatea, kontzeptu gisa, nahiko berria da eta trebetasun sozialen kontzeptuarekin lotura
estua du. Bi kontzeptu hauek psikologia sozialaren arloan sortu ziren XX. Mendearen erdialdean,
baina benetan ezagunak 1990. hamarkadan egin ziren. Asertibitatea, kontzeptuaren hastapenetan,
pertsonen arteko harremanetan jarrera eta espresio batzuek izan zitzaketen efektu eta ondorio
negatiboak saihestera bideratuta zegoen. Azken urteetan asertibitateak eta trebetasun sozialen kontzeptuek eboluzionatu eta eremu handiagoa hartu dute. Gaur egun, pertsona arteko harremanetan besteekin harreman armoniatsu eta positiboak lortzeko konpetentzia gako bezala ikusten dira. Era honetan asertibitatea komunikazio eraginkor eta, era berean, afektiborantz bideratzen da.

Asertibitatearen definizio ugari eman dira azken urteetan. Dena den, autore gehienek
asertibitatea lotzen dute, norberaren eskubideak, iritziak eta emozioak adieraztearekin, besteen
eskubideak errespetatuz eta haiek mindu barik. Beraz, asertibitateari buruz hitz egiten dugunean, gure ikuspegiaren arabera, komunikazio portaera bati buruz ari gara. Portaera horretan norberak bere iritziak eta sentimenduak adierazten ditu, bere eskubide pertsonalak egikarituz, baina beste pertsonen eskubideak errespetatuz. Era honetan pertsona asertiboak ez du men egiten beste pertsona baten manipulazio saiakeraren aurrean, baina era berean bera ere ez da beste pertsona manipulatzen saiatzen.

Hau guztia ikusita, asertibitatea hizkuntza egoerei aplikatuta, hizkuntza asertibitatea honela definitu dezakegu: norberak bere egiten duen hizkuntzan komunikatzea ahal den guztietan, norbere eskubideak egikarituz, urratuak izan ez daitezen eskatuz eta solaskidearen eskubideak urratu gabe.

Beste era batean esanda, hizkuntza asertibitatea norberak bere egiten duen hizkuntzan ahalik eta egoera gehienetan hitz egitea da, solaskideak beste hizkuntza batean hitz egiten badigu, guk gure egiten dugun hizkuntzan jarraituko dugu, solaskidearekin komunikazioa lortzen den heinean. Komunikazioa ezinezkoa dela egiaztatuko bagenu, bakarrik orduan kontuan hartuko genuke aukera moduan hizkuntza aldatzea, eta horrela erabakiko bagenu, hizkuntzaz aldatuko genuke.

Honi buruz gehiago jakiteko: Akuilu taldeak. Euskararen aldeko eragiletza hizkutnza asertibitatearen bidetik

Hurrengo sarrera batean, hizkuntza asertibitatearen portaerazko ezaugarriak azalduko ditugu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Buy now