Igone Bastarrika SalegiKoordinatzailea
2022-07-11 / BLOGA

Azken aldian enpresa handien eta denetariko erakundeek gizarte aniztasunaren ikusgarritasunerako ospatzen diren egunekin bat egin eta horiekiko atxikimendu publikoa adierazteko joera dute. Baina zer da enpresek gizartean dagoen aniztasunarekin begirunez eta koherentzian aritzeko benetan egiten dutena? Zer egin dezakete?

Enpresak inklusiboa izan behar du, legea betetzeaz haratago, aztertu egin behar du zer lanpostu mota sortzen dituen eta norentzat. Pertsonen gaitasunen gaineko ikuspegi irekia izatean dago gakoa, helburu ekonomikoak lortzeko behar diren talentu-izarren kaptazioaz haratago, pertsona bakoitzaren ekarpenak enpresari egiten dion balio ekarpenean emaitza ekonomikoez gaindiko aldagaiak daudelako.

Enpresak sortzen dituen produktu eta zerbitzuak nori zuzenduta daude? Kontuan hartzen al dira gizartearen errealitate desberdinak?  Publizitate eta komunikazioetan erabiltzen ditugun hitzak eta irudiak egokiak izaten dira hartzaile guztientzat? Asko dugu egiteko gizarte bezala, eta enpresa bezala ere bai, aberastasun ekonomikoa sortzeaz gain eraldaketarako gaitasuna duen eragile gisa aritzen bagara.

Pertsonak, aniztasuna.

Aniztasuna aldakorra den zerbait dela ulertzen dugu, gizartea eraldatzen doan heinean aldatzen dena. Aniztasunaren begiradatik ugariak dira kaltetuak izan daitezkeen pertsona taldeak eta enpresak ahalegin bat egin beharko du horien eskubideak bermatzeko. Aztertu ditugun esperientzia eta ereduen arabera ondorengoak dira gehien errepikatzen diren aniztasun motak; adina edo belaunaldien arteko aniztasuna, aniztasun funtzionala, generoa, sexu orientazioa eta identitatea eta kultur aniztasuna. Erakunde bakoitzak neurtu beharko lituzke aniztasun mota horien gaineko inpaktuak eta horiek egoki kudeatzeko estrategiak.

Aniztasuna, inklusioa eta lan munduarekin lotuta hainbat ikerketa egin dira azken urteetan Gipuzkoan. ALCek GUREAKi buruzko ikerketa etnografikoa egin zuen 2019an, lan eremuko inklusio proiektu gisa GUREAKek egiten duen ekarpena aztertzeko. Gehitu eta Mugen Gainetik GKEn lankidetzatik, Aintzane Muguruzak egindako EAEko trans emakumeen lan-egoera txostena argitaratu zen martxoan. Txostenaren ondorioak aztertuta, oraindik ere gizarte gisa egiteko dugunaz eta inklusioaren garrantziaz jabetzen gara. 

#EraldaketanGara jardunaldia

Enpresak kontzienteki kudeatu ditzaken aniztasun mota horien inguruko esperientziak ezagutu genituen maiatzaren 26an egindako #EraldaketanGara jardunaldian. Bertan Josep Maria Canyellesek azpimarratu egin zuen, enpresa iraunkorrek gizartearekin erantzukizunez, aniztasunaren kudeaketari eman beharreko garrantzia. Gogora ekarri zigun Nazio Batuen 2030 Agendako Garapen Iraunkorrerako Helburuetan bat dela aniztasuna, desberdintasunak murriztearen inguruko 10. helburuarekin lotuta. ABB-Niesseneko ordezkarien ahotik jakin genuen nazioarteko enpresa handiek aniztasunari egin dieten lekua, ezinbestean, anitzak direlako, eta hori, beraien esanetan, onura besterik ez delako. Batzen gazteak enpleguratzeko harrera sistema bezalako proiektuak  ere baditugula ikusi genuen BOGAN taldeko ordezkarien bidez, eta enpresa guztiok parte hartu dezakegula nahi badugu, bakoitzak ahal duenetik.

Emunen bidea eta konpromisoa

2009 urte inguruan hasi zen Emun aniztasunaren gaia lantzen, euskara erdigunean bai, baina gizarteko eta herrietako errealitatean beste faktore batzuk eragiten ari zirela antzeman genuenean. Geroztik hainbat urrats eman ditugu gizarte berrikuntzaren arloan, eta gure zerbitzuak aniztasunaren ikuspegira gerturatzen saiatu gara. 2021an hasi ginen “Aniztasunaren kudeaketa enpresan” proiektu hau garatzen, ondorengo bi helburuekin. Batetik, aniztasunaren kudeaketari buruzko marko bat lantzea, Emunen aniztasunaren kudeaketa nola ulertzen dugun jasotzeko. Bestetik, Emunek ematen dituen zerbitzuetan aniztasunaren kudeaketa nola integratu aztertzeko. Horretarako lehen urratsa izaten ari da gure buruari galdetzea Emun anitza al den, anitzagoak izan gintezkeen, eta garen neurri horretan, enpresako politikak eta praktikak koherenteak diren taldea osatzen dugun pertsonekin eta gure bizitzekin. 

Lan eremua bizigarri egiteko eraldaketan jarraitzen dugu. Enpresa (= gizarte) euskalduna, parte hartzailea, berdinzalea eta anitza helburu. 

Aniztasuna enpresan saioa ikusteko egin klik hemen.

andoain

[Mapa]Martin Ugalde Kultur Parkea
Gudarien etorbidea, 8.
20.140 Andoain
Tel.: 943 300 978emun@emun.eus

berriozar

[Mapa]Gipuzkoako etorbidea 36, behea
31013 Berriozar
Tel.: 948 803 643Tel.: 943 793 426emun@emun.eus

bilbo

[Mapa]Euskararen Etxea
Agoitz plaza 1
48015 Bilbo (Bizkaia)
Tel.: 943 711 847Tel.: 943 793 426emun@emun.eus