• EMUN
  • Bloga
  • Aukerak sortzen: Lau haizetara topagunea biziberritzeko prozesua
Mikeldi Zeberio LoinazAholkularia
2021-02-22 / BLOGA

Orereta/Errenteriako Lau Haizetara euskaltzaleen topaguneak eraldaketa prozesu bati ekin dio 2020aren amaieratik 2021aren hasierara bitartean, pandemia bete-betean.

1992. urtean sortu zenetik ibilbide luzea egin du elkarteak, baina barne dinamikaren ahultzeak eta azken urteetako gizartearen aldaketek orain arteko ereduaren agortze zantzuak agerian utzi dituzte. Ohiko euskara elkartearen jardunaz gain, herriko gizarte mugimenduekin batera saretzeko eta gaur egungo gizartearen erronkei erantzuteko garaia dela ondorioztatu dute prozesuaren sustatzaile izan diren talde eragileko kideek.

Hori dela eta, prozesu parte hartzaile bati ekin nahi izan diote, elkartearen biziberritzea prestatzeko eta erronka berriei ilusio eta ideia berrituekin heltzeko asmoarekin. Prozesu horretan bidelagun izan dute Emun, aholkulari eta dinamizatzaile lanetan.

Hiru saio irekiren bidez gauzatu da prozesua: 2020ko urriaren 26an izan zen aurrenekoa, “Jakin” izenekoa. Bigarrena abenduaren 4an izan zen, “Nahi izan”, eta 2021eko urtarrilaren 21ean hirugarrena eta azkena, “Ekin” izenburuarekin. Orotara, 76 lagunek hartu dute parte saio hauetan.

Lehen egunean elkarteak, eta herriko euskalgintzak, oro har, azken 28 urte hauetan egindakoaren errepasoa egin genuen. Bidea luzea izan baita eta bertatik beti baitago zer ikasia: bai aurrera begirako bidean mantentzekoak, baina baita albo batera uztekoak ere. Ondoren, gisa honetako elkarte baten zentzuaz aritu ginen: “Zertarako behar du Orereta/Errenteriak euskaltzaleen herri mugimendu antolatua gaur egun?” Solasaldi interesgarria piztu zen, eta “euskal hiztunen komunitatea bisibilizatzeko” edo “euskaraz bizitzen laguntzeko” izan ziren mahai gaineratu ziren erantzunetako batzuk. Hurrengo galderak izan ziren “zer egin beharko luke Lau Haizetara bezalako elkarte batek gaur egun?” eta “zer egin eremu berrietara iristeko?” Ondorio gisa, honako hausnarketa hau azpimarratu nahiko genuke: “Euskalgintza barrutik ulertzeko modu oso konkretu batzuk eraiki ditugu azken hamarkadetan. Patroi horiek berrikustea tokatzen zaigu”.

Ideia horri eutsita ekin genion bigarren saioari, eta, horretarako, “sormen laborategi” txikia antolatu genuen: norbanakotik komunitatera, komunitatetik gizartera, eta atzera buelta egin genuen saio honetan, aurrera begirako iparrak adosteko asmoz. Denetariko ametsak agertu ziren: komunitatearen garapena, elkarbizitza eredu berriak proposatzeko beharra subordinazioan oinarrituta egongo ez direnak, euskal hiztunen eskubideen kontzientzia hartzea eta ahalduntzea, aholkularitza, balio eraldatzaileen beharra, zaintza, babesa eta beste hainbat.

Era berean, Lau Haizetarak herriko erreferentziazko gune izan behar du herrigintzan: ni-tik gu-ra salto egiteko laguntza eta aholkularitza emango duena eta, herriko euskaldunentzat, euskaltzale izan ala ez, itsasargi funtzioa ere izango duena, berrikuntza laborategia izango dena eta euskaraz bizitzeko baliabideak eskainiko dituena eta, azkenik, momentuko eta tokiko balore komunitarioekin bat egingo duena.

Azken egunerako, aurreko egunetan “ideia mailan” landu genituenak lurreratzeko betebeharra geneukan. Horretan laguntzeko, aurreko egunetan irtendako ideiak sei multzotara eraman genituen:

  • hiztunak ahalduntzea
  • euskal hiztunak aktibatzea
  • sareak ehuntzea eta erreferente bihurtzea
  • izaera komunitarioa zaintzea eta elikatzeko lana egitea
  • herrian eragitea eta eragile izatea
  • berrikuntza gune izatea.

Arlo horiek gauzatzeko ideia mordoa sortu zituzten parte hartzaileek; batzuk zehatzagoak besteak baino ziren, eta oraindik goiz da ikusteko ideia horietatik zeintzuek egingo duten aurrera eta zeintzuek ez. Haietako batzuk proiektuak izango dira: elkarte biziberrituaren zutabe izango diren proiektu berriak.

Une honetan, talde eragileko kideak ari dira prozesuak eman duen guztia tentuz aztertzen hurrengo pausoak zehazteko. Izan ere, prozesua amaitu bada ere, fase berri bati ekingo zaio hemendik aurrera, eta, horretarako, azken aste hauetan jasotako babesa eta ideia zaparrada ezinbesteko bultzada izango da ibilbide berriari ekiteko, bidelagun berriekin.

 

andoain

[Mapa]Martin Ugalde Kultur Parkea
Gudarien etorbidea, 8.
20.140 Andoain
Tel.: 943 300 978emun@emun.eus

berriozar

[Mapa]Gipuzkoako etorbidea 36, behea
31013 Berriozar
Tel.: 948 803 643Tel.: 943 793 426emun@emun.eus

bilbo

[Mapa]Euskararen Etxea
Agoitz plaza 1
48015 Bilbo (Bizkaia)
Tel.: 943 711 847Tel.: 943 793 426emun@emun.eus