• EMUN
  • Bloga
  • Bikain, itzulpenen kalitatea helburu
2026-02-16 / BLOGA

Azken hamarkada honetan egin izan dugun bezala, teknologia berriek garai bateko gure mundu analogikora ekarri duten iraultzara egokitzeko zereginetan buru-belarri aritzeko asmoa dugu Emunen 2026. urtean ere. Horretarako, Hazitek proiektuak izango ditugu oinarri, orain artean bezala, Vicomtechen eta Mondragon Linguaren babesean. Inoiz proiektu bat baino gehiago uztartu izan ditugu, baina 2026. urte honi proiektu bakarrarekin ekin diogu, iaz egindako bidea bikain amaitzeko asmoz.

Ez dugu aditzondo hori ausaz aukeratu, horixe baita proiektuaren izena: BIKAIN. Proiektu honetan, itzulpengintzaren arloan berebiziko garrantzia duen ezaugarria jarri nahi izan dugu mahai gainean; kalitatea, hain justu. Sistema neuronal, adimen artifizial, hizkuntza eredu handi eta gainerako aurrerabideek teknologikoki ziztu bizian joatea eragin diguten arren, ezinbestekoa da gogora ekartzea testuekin ari garela, hitzekin, komunikazioarekin, hizkuntzarekin, ulermenarekin… Eta itzulpenek ezinbestean behar dute izan zehatzak, naturalak, zuzenak, koherenteak, eta, horrenbestez, kalitatezkoak.

Horregatik, BIKAIN proiektuari esker, gailu neuronalak emandako itzulpen proposamenetan kalitatea bermatzeko sistema bat ezarri, eta geure itzulpen interfazean txertatu dugu. Era horretan, bezero bakoitzarentzat propio sortuta daukagun memoriatik ezer jaso ezean, tresnak emandako emaitza izango dugu, proposamenaren kalitatearen baremazio eta guzti.

Kalitate kontrolerako sistema honi esker, Emunen funtsezkotzat jotzen dugun ezaugarria bermatu ahal izango dugu itzulpenetan. Helburua ez baita huts-hutsean sorburuko testuak biltzen duen informazioa beste hizkuntza batera transferitzea; aitzitik, hizkuntza baten ñabardura kultural eta komunikaziozkoak ziurtatzea bilatzen dugu, esaldiz esaldi.

Horrenbestez, teknologia berriei muzin egin gabe, eta horiek dakarten abiadurara egokituta, itzulpen lan zuzenak eta kalitatezkoak eskaini nahi dizkiegu gure bezeroei. Eta, hala izateko, aurrerapausoak eta kalitatea eskutik helduta joan daitezen ahaleginduko gara.

 

                               

andoain

[Mapa]Martin Ugalde Kultur Parkea
Gudarien etorbidea, 8.
20.140 Andoain
Tel.: 943 300 978emun@emun.eus

berriozar

[Mapa]Gipuzkoako etorbidea 36, behea
31013 Berriozar
Tel.: 948 803 643Tel.: 943 793 426emun@emun.eus

bilbo

[Mapa]Euskararen Etxea
Agoitz plaza 1
48015 Bilbo (Bizkaia)
Tel.: 943 711 847Tel.: 943 793 426emun@emun.eus