Emunen, gizarte eraldaketa ideia abstraktua baino gehiago da, gure izateko eta lan egiteko moduaren parte da. Gizarte bizigarriago baterantz, euskaratik eta euskaraz, komunitateen bidelagun izateko sortu ginen, eta urte hauetan guztietan bokazio hori eguneratzen eta zabaltzen joan gara: gizarte euskaldun, justu eta jasangarriago baten alde eragiteko lan egiten dugu.
Azken hilabeteotan, Emunen gizarte eraldaketa nola ulertzen dugun landu dugu: nola kokatzen garen, zertan eragin nahi dugun eta gure ohiko zerbitzuetatik harago zein ekimen, proiektu edo mugimendu babestu nahi ditugun. Hausnarketa horren emaitza izan da Gizarte Eraldaketarako Markoa: gure konpromisoa antolatzeko, erabakiak modu koherentean hartzeko eta baliabideak —ezagutza, denbora edo ekarpen ekonomikoa— eraldaketaren zerbitzura jartzeko aurrerantzean eskuartean izango dugun tresna.
Markoan, gure eguneroko jardunaz harago egiten duguna antolatu nahi izan dugu, eta praktika horiek lau multzotan sailkatu ditugu: ordainpeko lan boluntariotza, lakidetza guneko proiektuak, gizarte ekimenetan emunkideen aktibazioa eta IPDK. Azken hori da, zehazki, hemen partekatu nahi duguna.
Kooperatiba gisa, gure urteko emaitzen zati bat IPDK funtsa (Interes Publikorako Derrigorrezko Kontribuzioa) zuzkitzeko erabiltzen dugu. Funtsaren zati bat, heziketa kooperatiboa garatzera bideratzen dugu, eta beste bat, kanpo eragileen proiektu komunitario eta eraldatzaileak babestera. Markoa zehaztuta, babestu eta elkarlanean garatu nahi ditugun egitasmoei zentzu berria eman nahi diegu.
Markoak gure jarduna osatu eta indartu nahi du, sarean, elkarlanean eta komunitateekin batera. Horregatik, gure balioekin bat egiten duen proiektu, ideia edo herri ekimen bat baduzu, bidaliguzu datorren irailaren 30a baino lehenago galdetegi hau erantzunda.
Zuekin entzun, pentsatu eta, ahal den neurrian, elkarrekin eta elkarlanean egin nahi diogulako gizarte eraldaketari gure ekarpena.