• EMUN
  • Bloga
  • Etorkizuneko gidaritza kolektiboa izango da Emunen
Kristina Pavo NuñezAholkularia
2021-11-22 / BLOGA

Bezeroa erdigunean izatea indartuko duen antolamendua eta kultura eraikitzeko proba berriak egiten ari gara pasa den urtetik. Olatz Olaso Garitanok zuzendari nagusi izateari utziko dio eta Koordinazio Talde batek zainduko du aurrerantzean ikuspegi estrategikoa.

Amaia Balda Etxartek, Olatz Dorronsoro Callejak eta Nerea Arrese Elortzak osatzen duten taldeak izango du aurrerantzean Emun Kooperatiba koordinatzeko eginkizuna. Barne antolamendua eraldatzeko prozesu betean murgilduta gaude emunkideok azken hilabeteotan eta horri ekarpena egitera heldu da Olatz Olasoren kargu uztea. Zuzendari nagusi lanetan sei urtean jardun eta gero utziko du postua, hain zuzen ere, Emunen bestelako antolaketa eredu batzuk probatzea sustatu ondotik. Azpimarratzekoa da Olatzek egin eta eragindako bidea. Konfiantzan eta elkarlanean oinarritutako lanerako bere estiloak erraz busti gaitu ingurukoak. Tenplez eta tentuz egin du lan, elkar zaintzea erdigunera ekarrita eta emunkideoi eta Emuni daukagun onena emateko aukerak eskaintzeko beti. Parean dugun horretara ez ezik, hurrengo geltokira begiratzen ere badaki, eta besteok ere hara begira jartzen asmatzen du. Aurrerantzean ere Emunen jarraituko du bezeroekin aholkulari lanean, ikerketa esparruan bereziki.

 

Bezeroa erdigunean

Gai sozialen kudeaketan laguntzen diogu bezeroari. Lan hori bezeroa ulertuta egiten dugu, bertatik bertara, erronka sozialei elkarlanean erantzuteko. Elkarlanerako eta bezeroari behar duen horretan laguntzeko anbizioarekin abiatu genuen gure antolamenduaren eguneraketa ere.

Bezeroari ahalik eta ikuspegi osoenarekin begiratzeko taldeka antolatuko gara eta taldean egingo dugu lan erantzun berritzaileak eskaintzeko ez ezik, gutako bakoitzaren onena ateratzeko ere.

 

Emunkideon ahalduntzea

Pertsonek pertsonekin egiten duten lana da gurea eta horren kontzientziatik jardun dugu urteetan emunkidea ahalduntzeko lanean. Horretan sakontzeko aukera eman nahi diogu geure buruari eta horren bila aurkitu ditugu antolatzeko modu horizontalagoak.

Lan egiteko modu horizontalagoen mesedetan Olatz Olaso zuzendari nagusiak ez ezik, zuzendaritza talde osoak ere utziko du bere lekua orain arte betetako eginkizun horiek beste modu batean banatzeko, lidergo partekatuaren alde. Zentzu horretan antolatuko du Koordinazio Talde berriak bere lana, lehengo zuzendaritzak utzitako lekua betetzera baino, bestelako antolamendu bat bestelako modu batean koordinatzera datorrela ulertuta.

Emunkideoi oro har taldeka lan egiteak aukera emango digu autogestioan eta funtzioen banaketan sakontzeko. Erantzunkidetasunaren eta autonomiaren orekan pertsona osoagoak izateko jardungo dugu.

 

Eraldaketa, barrutik kanpora

Egiten dugun horretan sinesten dugu. Emunkideok iaz landutako azken Plan Estrategikoan berretsi genuen eragile eta bidelagun izan nahi dugula eraldaketa sozialaren bidez gizarte euskaldun, justu eta iraunkorra lortzeko. Eta eraldaketa hori gure baitan hastea da, gure ustez, biderik emankorrena. Barruan eraldatzen gara, kanpoan eragiteko.
Hala egin izan dugu azken 25 urtetan gai sozialak kudeatzen laguntzeko bokazioak bultzatuta. Bide horretan jarraitzen dugu, garenetik eragiten; eraldaketan.

andoain

[Mapa]Martin Ugalde Kultur Parkea
Gudarien etorbidea, 8.
20.140 Andoain
Tel.: 943 300 978emun@emun.eus

berriozar

[Mapa]Gipuzkoako etorbidea 36, behea
31013 Berriozar
Tel.: 948 803 643Tel.: 943 793 426emun@emun.eus

bilbo

[Mapa]Euskararen Etxea
Agoitz plaza 1
48015 Bilbo (Bizkaia)
Tel.: 943 711 847Tel.: 943 793 426emun@emun.eus