• EMUN
  • Bloga
  • Covid garaiko bizipenak eta kudeaketa gure kooperatiban… Prest? Entzuten didazu?
Karmele Etxabe AzkarateAholkularia
2020-11-26 / BLOGA

Martxoaren 13ko goizean dena zen zalantza, bulegoan ari ginen lanean, baina ez genekien astelehenean non arituko ginen. Asteburuan hasi zen etxealdia eta astelehenean, hortaz, norberak bere lan lekua prestatzen pasatu genituen lehen orduak. Emuneko baliabide teknologikoak prest zeuden, baina gu? Eta gure trasteak? Meet? Zoom? Entzuten didazu?

Halabeharrak irakatsi zigun etxetik lan egiten. Lehen egun eta asteak ez ziren errazak izan; urduritasuna, informazio gehiegi, hiperkonexioa, kontzentratzeko arazoak… egoera bera zen makurra. Baina egokitu ginen pixkanaka.

Emuneko kontseilu errektoreak eta zuzendaritzak ulertu genuen egoera ez ohikoan modu ez ohikoan funtzionatu beharko genuela, bai norbanakoek, bai enpresak. Hasierako egunetako noraez txikiaren ondotik oinak lurrean tinkatu eta elkar zainduz, malgutasunez, bezeroaren behar berriei nola erantzun pentsatzen hasi ginen. Bi organoetako kideekin Covid-19aren Jarraipen Batzordea osatu genuen eta hura da, oraindik ere, pandemiaren ondorioei jarraipena
egin eta erabakiak hartzeko gunea.

Batzordearen kezketako bat emunkideak ondo zeuden jakitea zen, eta horretarako galdetegi bat bidaltzea izan zen lehen zereginetako bat, martxoaren 23an. Etxean lan egiteko baldintza tekniko egokiak genituen jakin nahi genuen, bezeroari zerbitzua egoki ematen ari ote ginen, baina batez ere, bizitza pertsonala eta lana uztartzeko arazorik ba ote genuen. Lankideak zaintzea zegokigun. Erantzunetan ikusi genuen etxetik lan egiteko arazo teknikorik ez zegoela, baina batez ere haurren zaintza eta lana uztartzea nekezagoa zen.

Batzordearen mezua ulerkorra eta lankideen ongizatera bideratuta zegoen: bezeroari erantzun behar diogu, baina egin ahal duzuna ahal duzunean, arazoak baldin badituzu hitz egin zure zuzeneko arduradunarekin eta saiatu irtenbideak topatzen; eta Aste Santuko oporretan hartu
atseden!

Opor bueltan, ikusita egoera berezi hura luzatzen ari zela, lankideon egoera emozionalaren inguruko galdetegia bidali genuen. Lanean ari ginen, bezeroari erantzuten, baina nola geunden gu? Nekea, etsipena, antsietatea, ilusiorik eza… halako emozioak aipatzen zituzten adituek eta guri zegokigun lankideei entzutea, egoera nola bizi zuten jasotzea.

Jarraipen batzordeaz gain, hainbat emunkideren ekimenez, egoera goxatzeko hainbat ekimen izan genituen martxan etxealdian zehar: eguneroko maitea, irakurle taldea, argazkilaritza ikastaroa, meet kafeak, eskulan erakusketa… eta aisialdirako baliabideak eskura: irakurgaiak, filmak, teknologia berriak, hizkuntzak ikasteko modua…

Horrek guztiak erakutsi digu elkar zaintzeko ardura organoena eta gutako bakoitzarena dela. Ohituta gaude egunerokoan harreman estua izaten lankideekin eta hala egin ezin izan dugun garai hauetan beste bide batzuk bilatzen asmatu dugu, zorionez. Emunen iraunkortasuna ekonomiak baldintzatuko du, noski, baina emunkideak gogobeteta, ilusioz eta egiten dugunaz harro baldin bagaude, aurrera egiteko indarra aterako dugu.

andoain

[Mapa]Martin Ugalde Kultur Parkea
Gudarien etorbidea, 8.
20.140 Andoain
Tel.: 943 300 978emun@emun.eus

berriozar

[Mapa]Gipuzkoako etorbidea 36, behea
31013 Berriozar
Tel.: 948 803 643Tel.: 943 793 426emun@emun.eus