• EMUN
  • Bloga
  • Iraunkortasun txostenak, memoria ez finantzarioetatik harago
Aiora Filarmendi UrrutiaAholkularia
2021-10-06 / BLOGA

Planetaren eta bizidunon iraunkortasuna da mende honetako erronka nagusia, eta erronka hori jada ez da gobernuen, instituzioen edo GKE batzuen lehentasuna bakarrik, enpresena ere bada. Etengabeko garapenak eta natura baliabideen ustiapen jasanezinak ekarri gaitu egoera honetara. Pariseko akordioei erantzuteko, eta trantsizioa ekologikoa eta justua izan dadin, ezinbestekoak dira estratega, politika eta ekintza plan sendoak, baita enpresetan ere.

Iraunkortasuna erdigunean jartzeko momentua da, beraz; ekonomia, pertsonak eta ingurumena modu orekatuan eta iraunkorrean zaintzeko garaia.

Enpresek Iraunkortasuna modu estrategikoan kudeatzeko prozesuak eta tresnak badaude, eta gainera, horiek gizartearekin erantzunkidetasunez egiteko, enpresak bere interes taldeei egindakoaren berri eman behar die modu gardenean. Horretarako tresna egokiak dira Iraunkortasun memoriak, azken 3 urteetan indartzen ari direnak, neurri batean Memoria ez finantzario eta aniztasunari buruzko legearen eraginez.

Memoria ez finantzario kontzeptuaren abiapuntua 2014an Europar Batasunean onartutako zuzentarauan ezarri dezakegu. Zuzentarau hark honakoa jaso zuen: ezaugarri jakin batzuk dituzten enpresak bultzatzen ditu informazio ez finantzarioari buruzko txostenak egitera, iraunkortasunarekin duten konpromisoa eta posizioa erakusteko. Gainera, gero eta ikerketa gehiagok adierazten dute merkatuak gero eta garrantzia gehiago ematen diela era honetako txostenei, enpresen lehiakortasunean eragin baitezakete.

Espainiar estatuan 11/2018 informazio ez finantzario eta aniztasunari buruzko informazioaren berri emateko legeak enpresa dezente jarri zituen martxan. Legeak eskatzen du enpresaren kokapena egitea eta bost gai hauen inguruan dituen politikak, praktikak eta ekitaldian lortutako emaitzak argitaratzea: ingurumena, pertsonak eta lan baldintzak, giza eskubideen bermea, ustelkeria eta eroskeriaren kontrako politikak eta gizarteari egiten dion ekarpena. Zer motatako informazioa jaso behar duen zehazteaz gain, informazio hori nola publikatu behar den ere zehazten du, eta malgutasunez jokatzeko aukera eman arren, nazioarte mailan onartutako estandarren arabera reportatzeko eskaera egiten du. Estandar horien bi adibide ezagun ditugu Garapen Iraunkorrerako Helburuak eta GRI estandarrak.

Zer da EMUNek enpresei eskaintzen diena?

Gure webgunean zehazten dugun bezala, EMUNek laguntza eskaintzen du adierazle markoen identifikazioan eta txostenen egituraketa eta erredakzioan.

EMUNen garbi daukagu euskara eta berrikuntza elkartzen diren puntu horretan gizarteak gero eta erronka gehiago izango dituela, eta guk gure bezeroei erantzun berritzaileak eskaini nahi dizkiegu.

Memoria ez finantzarioen legeak eskatzen duena da ekitaldian zehar egindako gai ukiezinen kudeaketaren berri ematea. EMUNen ia 25 urtetako esperientzia dugu gai ukiezinen kudeaketan. Eta uste osoa dugu hauen reportean ere ekarpena egin dezakegula.

Gainera, balio erantsi batekin. Gure balio erantsia da memoria hauen erdigunean iraunkortasuna kokatzen dugula. Ez dugu legea kokatzen, legeak eskatzen diguna da informazioa plazaratzea, baina informazio hori nola plazaratu enpresaren esku dago. EMUNek esperientzia luzea dauka bezeroa entzuten eta hori da gure balio erantsiaren lehen ezaugarria: bezero bakoitza ezagutu eta bere izaeran oinarritutako memoria egitura proposatzen dugu.

Lehen urrats horrek ahalbidetuko du memoria ez izatea txosten bat gehiago. Memoria horren egitura zehazten behar besteko arreta jartzen badugu, kanpora begira eta barrura begira oihartzuna izango duen txostena izango da: erakundearen interes taldeekin konfiantza irabazteko balioko digun txostena.  Merkatuan posizionatzen lagunduko diguna eta barne mailan eta gertuko gizarteari egiten duguna erakusten lagunduko diguna.

Azkenik, EMUN arlo honetan eskuratzen ari den esperientziarekin, bezeroek iraunkortasunaren arloan egiten dutena balioan jarri eta dituen hobetzekoak identifikatzeko gai ere bada. Iraunkortasunaren gaiak, berria ez den arren, azken urte hauetan gero eta garrantzia gehiago hartu du, eta gero eta lege eskakizun gehiago izango ditugu.

Beraz, lege eskakizuna izan ala ez, iraunkortasunerako bidean zure bidelagun izan nahi dugu, gure esperientziaren bidez zuen istorioa zuek, zuen ahotsarekin, konta dezazuen. Eta denok norabide berean planeta, pertsona eta ekonomiaren arteko oreka iraunkorra bultza dezagun.

andoain

[Mapa]Martin Ugalde Kultur Parkea
Gudarien etorbidea, 8.
20.140 Andoain
Tel.: 943 300 978emun@emun.eus

berriozar

[Mapa]Gipuzkoako etorbidea 36, behea
31013 Berriozar
Tel.: 948 803 643Tel.: 943 793 426emun@emun.eus