• EMUN
  • Bloga
  • Lehiakortasuna eta euskara planak, lotuta al daude?
Olatz Olaso GaritanoAholkularia
2024-01-03 / BLOGA

 

Zer da zuretzat lehiakortasuna? Azken 40 urtetan lehiakortasuna ulertzeko modua asko aldatu da, eta ikusi da, gero eta aldagai gehiagok eragiten dutela lehiakortasunean: aldagai ekonomikoek, sozialek eta baita ingurumenekoek ere. Kooperatibagintzan eta, Mondragonen bertan ere, zentzu horretan ulertzen da gaur egun lehiakortasuna. Euskara Planak lehiakortasunean eragiten duten aldagaien artean kokatzen ditugulako abiatu genuen, bada, Gehi ikerketa.

Orain dela 26 urte, lan mundua euskalduntzeko helburuarekin Emun sortu zenean, euskara planak martxan jartzeko bultzada eman zuten kooperatibetako Lehendakari batzuek intuizio bat izan zuten: euskara planek euskara indartzeaz gain kooperatibetan beste ekarpen batzuk ere egingo zituztela: kohesioan, langileen gogobetetzean edota parte hartzean.

Intuizio hura presente izan dugu Emunen azken mende laurdenean. Eta intuizioa ikerketa bilakatzeko momentua iritsi zaigu. Onintza Legorburu Larrea lankideak eta biok bi galderari erantzuteko bideari ekin genion iaz, hainbat lankideren laguntzarekin:  batetik, jakin nahi dugu euskara planek, orain arte, euskararen biziberritzetik haratago  ze ekarpen egin dituzten. Eta bestetik, enpresei ekarpen handiagoa egiteko zer eta nola aldatu behar dugun ezagutu nahi dugu. Proiektuak Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ekonomia Sustapeneko Departamentuaren finantzazioa jaso du.

Ikerketa lau kasuren azterketan oinarritu da, lauak Mondragon taldeko kooperatibak: Danobat, Ikerlan, Fagor Electronica eta Eika. Lau kooperatibetako euskara planek ibilbide luzea dute eta lorpen handiak izan dituzte. Lau kasu zehatz horien azterketari esker, ondorioztatu dugu enpresaren lehiakortasunari lotutako 14 ekarpen ezberdin egin dituztela euskara planek:  7 gobernantza eta kudeaketarekin lotutakoak, 4 pertsonei edota langileriari dagozkionak eta 3 gizarte arlokoak.  Ekarpen guztiak xehe-xehe azaltzeko lekurik ez daukagu baina, adibide moduan, bi hauek azpimarratu ditzakegu: 1: Norberaren hizkuntzan lan egiteak langileen gogobetetzea areagotzen du eta ondorioz beraien laneko ekarpena eta enpresaren lehiakortasuna. Eta 2: Langileak enpresaren proiektu baten parte izateak kohesioa areagotzen du, eta ondorioz, inplikazioa.

Ez nuke bukatu nahi ikerketan parte hartu duten lau kooperatibak eskertu gabe. Eta eurei nola, zorionak urte guzti horietan euskara planak bultzatu, indartu eta aurrera eraman dituzuen kooperatiba eta langile guztiei ere.  Egindako denak ikasketa izanik, badakigu oraindik ere badugula zer egina; erronka zuentzat da, beraz: segi euskara planak indartzen kooperatibetan, euskarak presentzia handiagoa izan dezan, eta kooperatibetako erronkei, zeharka, ekarpena egiten jarraitzeko.

Lau kooperatibotan interbentzio bana egiten ari gara eta ikerketa esperimentazio fasean dago orain. Hurrengo emaitzen berri ere gustura emango dizuegu. Bien bitartean, baina, norbaitek informazio gehiago nahiko balu, zalantzarik gabe deitu Emunera eta gustura gerturatuko gara zuenera.

 

(TU Lankide aldizkarian argitaratutako artikulua). 

andoain

[Mapa]Martin Ugalde Kultur Parkea
Gudarien etorbidea, 8.
20.140 Andoain
Tel.: 943 300 978emun@emun.eus

berriozar

[Mapa]Gipuzkoako etorbidea 36, behea
31013 Berriozar
Tel.: 948 803 643Tel.: 943 793 426emun@emun.eus

bilbo

[Mapa]Euskararen Etxea
Agoitz plaza 1
48015 Bilbo (Bizkaia)
Tel.: 943 711 847Tel.: 943 793 426emun@emun.eus