• EMUN
  • Bloga
  • Fagor, ULMA eta Danobatgroupekin batera Euskara planei buruz
2021-12-10 / BLOGA

Hizkuntza gutxitu bat arlo sozioekonomikoan biziberritzeko ahaleginean ari gara Euskara Planen bidez eta saiakera horretan dihardugunoi laguntzen digu elkarren berri izateak

Mondragon taldeko hiru kooperatiba talde handienak bildu ditugu urteetan euren kooperatibetan landutako euskara planen esperientziak eta ikasketak partekatzeko. Danobatgroup, ULMA eta Fagor Taldeko 19 kooperatibetako 44 partaidek hartu dute parte topaketan eta sei praktika desberdin partekatu ditugu.

  1. Excel formulen euskarazko bilatzaile/itzultzailea (ULMA Construction, Xabi Calvo). Excel fitxategiak euskaraz erabiltzeko zailtasunei irtenbide erraz eta praktikoa eman nahi izan zaio praktika honekin. Behar horri erantzuteko helburuarekin, formulen hiztegi bilatzailea gehigarri gisa sortu dute ULMAn.
  2. Kontseilu Orokorra, arnasgune (Fagor Taldea, Leire Okarantza). Arnasguneak zabaldu eta babesteko estrategiaren baitan, Kontseilu Orokorra eta Lehendakarien Batzordea arnasgune izaten jarraitzeko helburuarekin neurriak hartu dituzte, besteak beste, bileretan aldibereko itzulpen zerbitzua erabiliz.
  3. Euskara planaren barne komunikazioa (Danobatgroup, Danobat, Leire Badiola eta Ander Arritokieta). Komunikaziorako bi kanal daude, euskara hutsezkoa eta ele bietakoa, ezagutza mailaren arabera. Euskara planaren komunikazioan funtzio inportantea dute Eragileen Sareko kideek. Eta berripapera langileen txandakako parte hartzearekin argitaratzen da hilero.
  4. Paketatzeko makinen muntaketaren azken fasean pantailetan euskaraz lan egiteko aukera (ULMA Packaging, Maider Larrañaga). Paketatzeko makinen muntaketaren azken fasean pantailetan euskaraz lan egiteko aukera ezartzea lortu dute ULMA Packaginen. Euskaraz lan egin nahi duten langileei aukera hori bermatzeko urrats esanguratsua izan da.
  5. Departamentuetako euskara helburuak (Fagor Arrasate, Enekoitz Beltran). Departamentuetan euskara helburuak lantzeko egiten duten prozesuarekin, lantalde edo ekipo bakoitzak euskara arloko helburuak departamentuko helburu ofizialen artean sartzea lortzen dute, eta jarraipena modu sistematikoan egitea, lantaldeen bidez.
  6. Produkzioko dokumentazioa euskara hutsean (Danobatgroup, Goimek, Pello Beristain). Ingeniaritzako departamentuak dokumentazio osoa euskara hutsez sortu eta zabaltzea lortu du. Ondorioz, makinetan lan egiten duten langileek euskaraz erabiltzen dituzte lan prozesuak, erreminta taulak, kontrol fitxak, krokisak…

Sei praktika horiek ezagutu ondotik elkarrekin hitz egiteko tarte bat hartu dugu eta hainbat ondorio atera ditugu.

EZAGUTZA

  • Euskararen ulermena bermatzea funtsezkoa da; alfabetatu gabeei baliabideak ematea ere bai, euskaraz lan egin dezaten
  • Lanpostuen hizkuntza eskakizunak ezarri eta betetzea estrategikoa da normalizaziorako bidean.

ERABILERA

  • Arnasguneak sortzeko arau soziala da aldatu beharrekoa.
  • Elkarrizketa elebidunek ematen duten aukera indartu, sustatu eta aprobetxatu behar da.
  • Gakoa da proiektuak hasieratik euskaraz abiatzea.

ERAKUNDETZEA

  • Euskara sistemetan txertatzeko urratsak egiten ari gara.
  • Hala ere, zuzendarien inplikazio handiagoa beharko da euskara enpresa estrategian kokatzeko.
  • Bidegurutzean gaude: aukeratik harago joan nahi izatera, beste maila bateko erabakiak hartu behar dira.

AKTIBAZIOA

  • Ez dago formula magikorik; errealitatera egokitu beharra dago.
  • Jendea aktibatzeko, irudimena eta ideia berritzaileak behar ditugu. Euskaraldia ariketa polita izan da.
  • Belaunaldi berriengana iritsi behar dugu aurrera egitekotan.

Zerbait bereziaren parte garen sentimendua nagusitu zaigu. Munduan parekorik ez daukan eraldaketa esperientzia baten parte gara. Alegia, hizkuntza gutxitu bat arlo sozioekonomikoan biziberritzeko ahaleginaren parte gara denok.

Saretzeak berekin dakartza korapiloak. Bi orduko mintegiaren ondoren, kontzientzia hartu dugu egiten ari garenaz eta egiteko daukagunaz. Eta, saretuta, aurrera egiteko indarrak batu ditugu. Mila esker, ULMA, Danobatgroup eta Fagor-eko kideoi. Biba zuek, eta laster arte!

 

Emuneko talde antolatzailea

andoain

[Mapa]Martin Ugalde Kultur Parkea
Gudarien etorbidea, 8.
20.140 Andoain
Tel.: 943 300 978emun@emun.eus

berriozar

[Mapa]Gipuzkoako etorbidea 36, behea
31013 Berriozar
Tel.: 948 803 643Tel.: 943 793 426emun@emun.eus

bilbo

[Mapa]Euskararen Etxea
Agoitz plaza 1
48015 Bilbo (Bizkaia)
Tel.: 943 711 847Tel.: 943 793 426emun@emun.eus