• EMUN
  • Bloga
  • Igone Bastarrika Salegi izango da Emunen koordinatzaile orokor berria
2026-04-27 / BLOGA

Amaia Balda Etxartek azken lau urteotan egindako ibilbidearen erreleboari helduko dio aurrerantzean Emunen koordinazio lantalde berrituak. Nerea Arrese Elortza, Onintza Irigoien Aizpitarte eta Oihana Jausoro Agirrek osatuko dute lantaldea eta Igone Bastarrika Salegi (Azkoitia, 1979) izango da koordinatzaile orokor berria.

Emunen gidaritza kolektiboa izango zela iragarri genuen ia duela bost urte eta egindako ibilbideak erakutsi digu, zailtasunak zailtasun, gure erakundearen lidergoa modu kolektiboan ondu eta burura eramateak dakartzan onurak handiagoak direla Emunen proposituari eta bezeroen beharrei erantzuterako orduan.

 

 

Inpaktu handiko ekarpena

Emunen eskaintzen dugun zerbitzuarekin gizartean inpaktu positiboa eragiteko gai garela sinetsita gaude. Bezeroen beharrak, erronka sozialak eta Emunen proposituak bat egiten duten bidegurutzeetan ekarpena egiteko, dakigun horretatik gure hoberena eskainita, eta bezeroen erronka eta helburuei erantzungo dieten egitasmoetan inpakturik handiena lortzeko asmoz.

Etengabeko berrikuntzarekin konpromisoa

Gizartea etengabe aldatzen ari den testuinguruan askotariko erronkak mahai gaineratzen ari zaizkigu adimen artifizialaren eta digitalizazioaren eremuan, enpresa eta erakundeetan protagonista izango diren pertsonak erakarri eta kudeatzerakoan, jatorri, kultura eta hizkuntza aniztasuna kudeatzerakoan edota jasangarritasunaren arloan erakundeek erantzunkidetasuna indartzerakoan. Horrek guztiak eskatzen digu eremu berrietan eraldaketa egitasmoak sustatzeko aukerak aztertu eta apustu berriak egitea, eta noski, horretarako beharrezkoak diren aliantzak lantzea, metodologia berriak garatzea eta arazoen konplexutasunari irtenbide osoagoak bilatzeko begirada sistemikoan sakontzea.

Aitzindarien erreleboari helduko dion etorkizunerako lantaldea

Etorkizuneko erronkei ausardiaz ekingo dien lantalde konprometitua osatu du Emunek, urtetako ezagutza eta esperientziak ematen digun sendotasunetik eta erronka berriek eskatzen diguten ardura eta gogoarekin.

Ibilbide luze baten jarraipena da hau, Amaia Balda Etxartek koordinatzaile orokor izateari utziko dion arren, bezeroei zerbitzua eskaintzeko lantalde eta egitasmoetan jarraituko baitu aurrerantzean ere. Duela ia 30 urte lan mundua euskalduntzeari ekin zion belaunaldi aitzindariaren parte izan da Amaia, euskara teknikari langintzaren hazia jarri zuen horietakoa. Ez da makala ogibide bati mamia eta azala jarri ziotenek euskal gizarteari eta euskararen biziberritzeari eskuzabaltasun osoz egin dioten ekarpena. Emunen orain arteko ibilbideak emandakoaz oso eskertuta gaude eta aurrerantzean ere bezero, aliatu zein bidelagunekin elkarlanean ekarpena egiten jarraitzeak ilusioa eta indarra ematen dizkigu.

Egiten dugun horretan sinesten dugula esan izan dugu Emunen, eta hala, azken urteotan ondutako gidaritza kolektiboari jarraipena emango dion lantaldea ere prest dago etapa berri honi ekiteko. Igone, Nerea, Onintza eta Oihanak osatutako koordinazio taldeak jarraituko dio ekindako bideari, elkarrekin ikasten jarraitzea delako gure motorra, erantzukizun partekatuaren bidean sakonduz, elkarrekin eraginez ikastea. 

andoain

[Mapa]Martin Ugalde Kultur Parkea
Gudarien etorbidea, 8.
20.140 Andoain
Tel.: 943 300 978emun@emun.eus

berriozar

[Mapa]Gipuzkoako etorbidea 36, behea
31013 Berriozar
Tel.: 948 803 643Tel.: 943 793 426emun@emun.eus

bilbo

[Mapa]Euskararen Etxea
Agoitz plaza 1
48015 Bilbo (Bizkaia)
Tel.: 943 711 847Tel.: 943 793 426emun@emun.eus