Galdetu kontsultorioan

Josune
Administrazioa

Galdera

Euskaldunak euskaraz gehiago egiteko ekimenak martxan jartzerakoan, edo kasu batzuetan erabilera hori aktibatzeko, elkarrizketak eta solasak egiten dira hasieran. Horietako 2 kasutan tokatu zait entzutea: “zergatik egin behar dugu euskaraz?” euskaldun baten ahotik hori entzutean… zer erantzun?

Erantzuna

Kaixo, Josune:   Erraza bezain zaila erantzuteko. Esango nuke galdera hori entzutean gu aseko gaituen eta bestea konbentzituko duen erantzun baten bila ibiltzen garela, eta aproposago ikusten dut testuinguruen arabera erantzutea. Araututako espazio batean garbia izan daiteke araua betetzeko eskatzea. Arautu gabeko espazioetan, ordea, aurrean dugunari –espazio horretan duen rolaren baitan–, daukan hizkuntza portaerak eragin dezakeen ondorioa erakuts diezaiokegu, ondorioen zama osoa bere bizkar utzi gabe, noski. Birziklatzearen onurez irakurtzen dugun bezala, birziklatzeko zabor berezituek laguntzen diguten bezala eta gure taldekideek birziklatzen dutela ikusten dugunean bezala. Araua, jarrera eta portaera, gurea eta besteena, lagungarri izan daitezke kultura-ohitura aldaketarako bidean. Arautu gabeko lekuan, espazioa okupatzen dutenen hizkuntza ohiturak aldatu nahi ditugunean, -espazio horren erabiltzaileek horren gaineko kezkarik ez badute ere- gure gogoeta, egiten dugun hizkuntza kudeaketa zergatik, nola eta zertarako egiten dugun azaldu diezaiokegu. Eta berari bere iritzia eskatu eta jaso, inoiz horrelako gogoetarik egin duen galdetu. Hizkuntza gutxituak behar dituen babes eta laguntza neurriak aurrera eraman ahal izateak (hiztunon portaerak eraginda, besteak beste) nola landuko zukeen galdetuko nioke. Bere iritzia –zabalduta egon daitekeena– dutenen aldaketa inoiz emango den galdetu. Ematekotan nola emango den, zerk bultzatuko dituen... Josune, ni ez nintzateke galdera zuzenean erantzuten saiatuko. Gogorik ez badu, ia seguru, esaten diogunak ez dio balioko eta defentsiban jarri edo isildu daiteke. Arrazoi fundamentuzko bat benetan eskatzen ari bada, justizia sozialaz eta hizkuntzen ekologiaz hitz egingo nioke; fokua gutxitua dagoen hizkuntza eta hiztunei laguntzean jarriko nuke eta horretarako behar den, antolaketa, kudeaketa eta egitasmoez hitz egin. Eta hori ere entzuteko momentua ez dela sumatuz gero, nik esateko daukana entzuten saiatuko nintzateke, beraganako interesa erakutsiko nioke, berari gure egitasmoek zer sortzen dioten jakiten saiatuko nintzateke. Hurrengo elkarrizketarako ate berri bat irekitzen lagun diezazuke.
hitzartzen hitzartzen 2019-07-23
Nagore
Aisialdia

Galdera

Mundu mailan eta hurbilago Espainia mailan antolatzen den elkarte bateko partaide naiz. Euskal Herrian 15-18 pertsona inguru baino ez gara elkarteko kide eta Espainian 150 inguru. Bilbon talde batean elkartzen gara 12 lagun, 9 euskaldunak, hala ere, 3 erdaldun egoteak giroa erdalduna izatea dakar. Euskaldunak euskaldunekin euskaraz egiten dugu batez ere, zailtasuna denon batzarrak dira. Elkartea Espainia mailakoa izatean mezuak… gaztelaniaz dira. Zelan hasi Bilbon batzuetan euskaraz egiten?

Erantzuna

Zure galdera irakurri eta berehala zure kezka bi planotan banatu beharra ikusi dugu, Nagore: batetik, zuen elkartearen kanpo irudiarena (Euskal Herriari nahiz kanpora begira) eta, bestetik, zuen lantaldearen jardueran egingo duzuen hizkuntza kudeaketa.
  • Kanpo irudia:
Maila honetan hizkuntza irizpideen lanketa egin dezakezue zein hizkuntza erabiliko duzuen finkatzeko, barnera zein kanpora begira, komukazioetan, sare sozialetan eta abar...  Lanketa honetan hizkuntzen arteko errespetoaren gaia mahai gainean jartzeko unea izan daiteke. Besteak baztertu gabe, geureari lekua eginez eta aniztasuna zainduz oreka berriak lantzeko aukerak proposatuz. Gainerakoan, ez dakigu zuzen edo oker, baina lehen kolpean GKE batez ari garela iruditu zaigu. Hori horrela, besteek nola egiten duten ikustea lagungarri izan daiteke. Esaterako, Medicus Mundik hizkuntza aukerarekin du web orria; Ongi etorri errefuxiatuak-ek gauza bera...
  • Lantaldeko hizkuntza kudeaketa:
Maila honetan, berriz, lantaldekoekin aztertu beharko duzu hizkuntza bakoitzari zer leku egingo diozuen eta zer neurritan. Hori bai, euskara ardatz jarri eta hortik orekak nola bilatu ikusi beharko duzue. Euskaldunok euskaraz egiten duzuela diozu: beti? Ahoz zein idatziz? Hor lan egiteko molde batzuk berariaz adostu daitezke, beti ere hizkuntza berdintasuna ikuspegia hobetsiz, eta ahal den heinean euskararen alde eginez. Bestetik, batzarretan zailtasunak sortzen zaizkizuela aitortu duzu: zehaztasunak falta zaizkigu ildo zehatzak proposatzeko. Hori dela eta, galdera hauen erantzun bila has zaitezkete oreka eta irizpide zehatzak ikusteko. Esaterako, hiru lagun horiek ulertzera iristen dira? Bilerak nork gidatzen ditu? Ulertzen ez dutenak hiru izaki, zuetako batzuk xuxurlaka mezua ulertarazten saiatu zarete? Langaien dokumentazioa gaztelaniaz egoteak ez du esan nahi azterketa hala egin behar denik. Nork ez du unibertsitate garaian bibliografia ingelesez, frantsesez, gaztelaniaz edo katalanez irakurri eta hango ideia nagusiak euskaraz aztertu? Amaitzeko, azken galderak jo ta ma utzi gaitu: zelan hasi daitekeen Bilbon batzuetan euskaraz egiten? Guk ez dugu beste biderik ikusten: lehen hitzetik beti euskaraz hasiz. Ez ahaztu testuingurua arrotzena izanda ere, geure baitan dago erabakia. Hortaz, geure ahalduntze gaitasunari birpasa on bat eman beharko diogu eta, berehala, probatzen hasi. Ah! eta Bilbon bezala beste nonahi ere bai, jakina!
hitzartzen hitzartzen 2019-06-05
Itxaso
Aisialdia

Galdera

Inguruko herri batzuetan (Mundaka, Bakio…) gertatu izan den eta gertatzen den fenomeno batek zer pentsa eman digu: udatiarren efektua. Urtero udan datozen udatiarrek herriotan euren lagun talde propioa dute. Herrikoak diren lagunek beraien artean euskaraz egin arren, udatiarren gaztelaniazko joerak gaztelaniaz jardutera daroaz, bai eta udatiarrak joandakoan ere. Zer egin udatiarren efektuaren ondorio hori neutralizatzeko?

Erantzuna

Gero eta hedatuagoa ikusten den joera bat jarri diguzu begi aurrean denoi, Itxaso. Are gehiago, Euskal Herriko hainbat lekutan turismoa hartzen ari den indarra ikusita. Hainbat eragilek euren kezka plazaratu izan dute turismo mota horren aurrean eta horietako bat hizkuntzarena ere bada. Oraintsu jarri du gaia UEMAk mahai gainean. (Hemen irakurgaia) Begibistakoa da halako jende oldearen etorrerak berebiziko eragina daukala tokiko hizkuntza erabileran, eguneroko bizitzan. Ur sakonak dira horiek erantzun borobil bat emateko bat-batean. Hala ere, gogoeta proposatu diguzunez, ideia batzuk azpimarratzen saiatuko gara, lagun taldean gabiltzanerako beti ere:  
  • Udatiarren jatorriak badu garrantzia. Ez da gauza bera Bakiora udan datorren bilbotarra izan eta burgostarra edo bearnesa izan. Lehenengoa lagun taldera badator euskaraz zenbateraino den gai, zenbat ulertzen duen azter dezakegu eta horren arabera portaera moldatu. Bistan da beste biekin, Burgoskoarekin eta Biarnokoarekin, haseratik edukiko dugula hizkuntza eragozpena. Beraz, lehenengokoekin ahalik eta gehien euskarari eusten saiatzea litzateke irizpidea; eta, besteekin, gaztelaniaz jardun baina euskara gure osagai ezinbestekoa dela sentiaraziz.
  • Lagun arteko planak egiten baditugu euskarak presentzia naturala duen planak ere egin, beti ez bada ere tarteka: antzerkia, bertso saioa, musika jaialdia, kantu-jira...
  • Giro erlaxatuan gaudenean euskara suspertu dadin egiten diren ekimenen berri eman udatiarrei, solasaldi lasaiak zabaldu gaiaren inguruan... Hein batean, euskaraz ERE bizi garelako harro gaudela ikus dezaten. Gerta daiteke udatiar horien seme-alabak bertakoekin jolasean ari direlarik euskara bereganatzen joatea. Horren aurrean, garrantzitsua da haurrek ikustea helduek ere badutela hizkuntzarekiko sentiberatsuna. Zer egiten dute, bada, gure haurrek beste lurraldeetara goazenean?
  • Azkenik, udatiarrak beraien sorlekura itzultzen direnean zuei, bertakoei, geratuko zaizue zertaz hitz egin... Hau da, lagun artean hizkuntza ohituren gaia atera, udako balorazioa egin, bakoitzak zer sentitu duen lasai azaldu eta, aurrera begira, beste hilabeteetan nola moldatuko zareten zehaztu dezakezue.
Horra burura etorritako ideia batzuk jakinik oin punta besterik ez dugula sartu ur sakon horietan. Hala ere, hasteko, baliogarri izango zaizulakoan, jakin-minez geratzen gara datorren udan zure lagun taldean nola moldatuko zareten ikusteko. Zuen esperientzia partekatuko duzuelakoan azken ideia bat azpimarratu nahi dugu: gai honetan dena ez dago gure gain; ardura partekatua da. Maialen Lujanbiok ezin hobeto azaldu zuen aurtengo Korrika amaieran: "Egin eragiteko. Eragin eginarazteko. Norbanakoak egin. Herri mugimenduek eragin. Erakundeek eginarazi."
hitzartzen hitzartzen 2019-05-02
Igone
Aisialdia

Galdera

Azkoitian, halabeharrez gaztelaniaz ari nintzela, “denok ulertzeko”, batek esan zidan “Oye, tú qué mal hablas el castellano ¿no?”. Zer erantzun?

Erantzuna

Arratsalde on, Igone: Elkarrizketari eman nahi diozun norabidearen arabera, modu batera edo bestera erantzun dezakezu. Hori esan zizuna euskalduna izateak edo erdaldun izateak ere baldintzatu dezake gure erantzuna, noski. Hizkuntzaren gaian sartu gabe erantzun nahi badiozu, ironia erabili edo  esan duena baztertu dezakezu:
  • ¿Igual querías ayudarme? Tranquilo, que puedo yo sola./ Laguntzeko asmoz, ala? Ez dut behar.
  • No necesito que colabores, me basto yo sola./ Nahikoa naiz ni bakarrik elkarrizketari eusteko.
  • Por favor, no me cortes cuando estoy hablando./ Mesedez, hitz egiten ari nintzen.
  Esan izana ez zaizula gustatu adierazi nahi badiozu, adierazi egiten ari dena, galdera bidez nahi izanez gero.
  • ¿Intentas avergonzarme? / Lotsarazi egin nahi nauzu, ala?
  • ¿Poniéndome nota? / Nota jartzen?
  • Vaya corte que me has pegado. Mejor si no hubieras dicho nada. / Erabat moztu didazu. Hobe ezer esan izan ez bazenu.
  • Voy a hacer como que no he oído nada. / Entzun ez banu bezala egingo dut.
  Edo esandakoari eutsi eta garatu dezala eska diezaiokegu:
  • ¿Y? / Eta?
  • ¿Qué pretendes diciéndome eso? / Zer esan nahi didazu horrekin?
  • ¿Por qué te extraña mi acento? / Zergatik harritzen zaitu tonuak?
Berak egindakoa baloratu dezakegu, harridura erakutsita behar izanez gero:
  • Me parece de mala educación reírse de la gente. Mucho más de la gente que hace un esfuerzo por ayudarte. / Edukazio txarrekoa iruditzen zait jendeaz barre egitea. Are gehiago laguntzeko asmoa daukanean.
  • ¿qué, te ha parecido que no vivo en castellano, verdad? /Zer, ez du ematen gaztelaniaz bizi naizenik, ezta?
  • ¿Hablo en castellano porque ni siquiera me entendéis en euskera, y te vas a reir de mi castellano? / Euskaraz ez dakizulako gaztelaniaz, eta barre egin nahi diozu nire gaztelaniari?
  • ¡Venga ya! ¿A estas alturas nos vamos a reir de los acentos? / Azentuagatik barre?
Laster arte!
hitzartzen hitzartzen 2019-04-02
Aiora
Aisialdia

Galdera

Herriko jaietan DOKE txapelketa. 4 talde parte hartzen, horietako batean euskararen ezagutza ez dago bermatuta. Azalpenak ematen hasiaz bat “vamos a explicar/hablar en castellano para que todos entendamos”. 30 pertsonen aurrean, jai giroan… nola eman erantzun fresko/grazioso bat euskaraz egingo dugula aldarrikatzeko?

Erantzuna

Kaixo, Aiora: Batzuk ez gara oso abilak izaten bat-bateko konponbideak bilatzen, are gutxiago ageriko egoeratan. Konponbide guztiak senti ditzakegu deserosoak: deserosoa dena bi hizkuntzatan esatea, deserosoa euskaraz aritzea (batzuk ez dutela ulertzen jakinda) eta deserosoa gaztelaniaz aritzea (herritar batzuei ez zaiela gustatuko jakinda). Erabakia bat edo bestea hartu, taldean hartzeak indar pixka bat emango liguke, eztabaida baten ondorioa litzatekeelako eta arrazoituta egongo litzatekeelako. Gainera, talde oso batek gurekin bat egiten duela jakingo genuke, eta erabakia betetzen aritzeak, ondo ari garenaren sentsazioa, behintzat, emango liguke. Beraz, hurrengo urtean horrelakorik gerta ez dadin, festen batzordeari, udaletxeari, edo dagokionari, gogoraraz diezaiokezu aurkezpenak euskaraz ahalbidetzeko hartuko dituzten neurriak aurretik adostea lagungarria dela.  Proposamenak eginez ere lagun dezakegu, baina antolatzaileei dagokie egoera posibleetarako jokaera kode bat adostuta izatea eta uneko aurkezleei hizkuntza kudeaketa erraztea. Hala ere, berriro gertatuko balitz, hemen eskatutako erantzun sorta posible bat:
  1. Hemengo baten batek igual ez du erdara ulertuko, adi!
  2. Niri aspaldi ahaztu zitzaidan gaztelania, egidazu euskaraz, mesedez
  3. Erdaraz jokatu behar badugu, 2 puntuko abantaila eskatzen dut
  4. Inork ez dizu itzuli nahi, ala? Ni prest!
  5. Itzultzaileak gastatu egin zaizkigu Aretxabaletan? Egongo da itzultzeko gaitasuna daukan baten bat, ala?
  6. Segi euskaraz lasai, lagunduko diegu-eta!
hitzartzen hitzartzen 2019-03-12
Nerea
Aisialdia

Galdera

Zer erantzun guraso euskaldunak (etxeko hizkuntza euskara dute) dituen 6-7 urteko haur batek euskara gaztelania baino zailagoa dela esaten dizunean? Testuingurua: eskola bateko ikasgela, 24 haurretatik 3-4 haurren gurasoak soilik dira euskaldunak eta beraien artean erabat gaztelaniaz egiten dute

Erantzuna

Kaixo, Nerea: Beharbada hizkuntzak nola ikasten ditugun ikusarazi beharko genioke, eta bere zein ikaskideen erraztasunaz eta zailtasunaz hitz egin. Ikaskideek etxean gaztelaniaz egiten dute, ikasgelan irakasleagandik euskara eta ikaskideengandik gaztelania jasotzen dute, eta –atrebentzia pixka batekin–  kalean euskara hutsezko harreman gutxi izango dituztela esatera ausartuko naiz. Hizkuntza ikasteko erabili egin behar da; ez badute erabiltzeko saiakera egiten, ezin dute ikasi. Hori ulertarazi behar diogu. Bestalde, pentsarazteko garaia ere badu, arrazonamenduan sartuta, bere kezkak jaso ditugula adierazi behar diogu eta bere ondorioak ateratzen laguntzeko galdera aproposak egin; galderak jaso dituela ziurtatuko dugu eta behar duenean erantzunak bilatzen lagunduko diogu. Zergatik esaten duzu hori? Zuri gehiago kostatu zaizu euskara ikastea? Nori kostatu zaio? Nola ikasi dute lagunek? Non? Norekin? Non eta noiz erabiltzen dute euskara? Euskaldunok zertan laguntzen diegu? Eta lagunek sekula ez balizute gaztelaniaz egin, ikasiko zenuke? Zergatik uste duzu euskara zaila dela pentsatzen dutela? Zu ados zaude? Zuretzako ere horrela da?... Euskara eta beste hizkuntzak ez dira errazagoak edo zailagoak, errazago edo zailago ikasten ditugu testuinguruaren baitan. Bide batez, ikaskideek errazago ikas dezaten, gure esku zer dagoen ikusten lagun geniezaioke. Elkarrizketa polit bat duzu aurretik!
hitzartzen hitzartzen 2019-02-26
Asier
Aisialdia

Galdera

Zergatik uste dute batzuek maila nazionaleko ekimenak erdaraz behar direla? Zergatik ez zaio balioa ematen euskara hutsean egiteari?

Erantzuna

Asier, proposatzen ari zaren gaiak ertz asko ditu: antolatzailearen hizkuntzen kudeaketarako gaitasuna, ekitaldiaren helburua, antolatzaileak hizkuntza desberdinen inguruan duen pertzepzioa... Hori guztia kontuan hartuta, "euskaratik eta euskaraz" ardaztuta bizi nahi duenak, berak erabaki behar du nazio mailako ekitaldi batean hizkuntzak nola erabili. Hori horrela, euskara nagusi izatea nahi badu gaur egun badaude baliabideak eta moduak mezu nagusiaren ulermen denei helarazteko: berbaldi nagusia euskaraz egin eta tarteka esaldi gako batzuk bi erdaretan esan (nazionala bada ekitaldia gaztelania eta frantsesa maila berean joan beharko lukete), aurreko dena bere horretan errepikatu gabe; bestela, hitzaldia euskara hutsean egin esaldi gakoak erdaraz proiektatuz edo azpititulatuz... Nazio mailako ekimenak oso egokiak dira euskaldunok hizkuntzei ematen diegun prestigioa neurtzeko.  
hitzartzen hitzartzen 2018-07-19
Buy now