Galdetu kontsultorioan

Nerea
Aisialdia

Galdera

Zer erantzun guraso euskaldunak (etxeko hizkuntza euskara dute) dituen 6-7 urteko haur batek euskara gaztelania baino zailagoa dela esaten dizunean? Testuingurua: eskola bateko ikasgela, 24 haurretatik 3-4 haurren gurasoak soilik dira euskaldunak eta beraien artean erabat gaztelaniaz egiten dute

Erantzuna

Kaixo, Nerea: Beharbada hizkuntzak nola ikasten ditugun ikusarazi beharko genioke, eta bere zein ikaskideen erraztasunaz eta zailtasunaz hitz egin. Ikaskideek etxean gaztelaniaz egiten dute, ikasgelan irakasleagandik euskara eta ikaskideengandik gaztelania jasotzen dute, eta –atrebentzia pixka batekin–  kalean euskara hutsezko harreman gutxi izango dituztela esatera ausartuko naiz. Hizkuntza ikasteko erabili egin behar da; ez badute erabiltzeko saiakera egiten, ezin dute ikasi. Hori ulertarazi behar diogu. Bestalde, pentsarazteko garaia ere badu, arrazonamenduan sartuta, bere kezkak jaso ditugula adierazi behar diogu eta bere ondorioak ateratzen laguntzeko galdera aproposak egin; galderak jaso dituela ziurtatuko dugu eta behar duenean erantzunak bilatzen lagunduko diogu. Zergatik esaten duzu hori? Zuri gehiago kostatu zaizu euskara ikastea? Nori kostatu zaio? Nola ikasi dute lagunek? Non? Norekin? Non eta noiz erabiltzen dute euskara? Euskaldunok zertan laguntzen diegu? Eta lagunek sekula ez balizute gaztelaniaz egin, ikasiko zenuke? Zergatik uste duzu euskara zaila dela pentsatzen dutela? Zu ados zaude? Zuretzako ere horrela da?... Euskara eta beste hizkuntzak ez dira errazagoak edo zailagoak, errazago edo zailago ikasten ditugu testuinguruaren baitan. Bide batez, ikaskideek errazago ikas dezaten, gure esku zer dagoen ikusten lagun geniezaioke. Elkarrizketa polit bat duzu aurretik!
hitzartzen hitzartzen 2019-02-26

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Buy now