Galdetu kontsultorioan

Enrike
Familia

Galdera

Nire seme-alabek euren artean gaztelaniaz hitz egiten dute, etxean beti egin dugunean euskaraz. Eta guri ere sarri gaztelaniaz zuzentzen dira. Zer egin dezakegu nerabezaroan dauden pertsona hauen jarrera aldatzeko?

Erantzuna

Kaixo, Enrike: Nerabezaroa mugak identifikatzeko eta gainditzeko garaia dela kontuan izanda, eta helduen munduan bere lekua bilatu nahi dutela jakinda, hizkuntza ere horretarako tresna gisa senti dezakete. Izan ere, askotan esan izan diegu euskaraz egin behar dutela, eta haurrek aspaldi ulertu dute haurren hizkuntzak –helduen begitara– euskara izan behar duela. Eta nerabeek haurtzaroa alde batera utzi eta helduen mundura jauzi egin nahi dute. Esku hartzean kontuan izango dugu, besteak beste, nerabezaroan taldekideek garrantzia handia hartzen dutela. Arreta jarri beren lagun-talde(et)an gertatzen ari den horretan, eta beraien heldutasunerako aldaketa honetan hizkuntzak zein paper jokatzen duen argitu. Gaiari buruz hitz egin dezakegu, heldutik heldura, komunikazioaren kalitatea zainduz, hitza kentzeko arriskua dugu-eta. Galderekin bidea erraztu diezaiekegu, ideiak argitzen lagundu, arrazonamendura iristen lagundu. Beren portaera ulertzen saiatzen garela eta enpatikoaz entzuten ditugula transmititu ahal diegu; zergatik egiten duten erdaraz, zertarako, aldaketa noiz eman den, beren bizitzako zein esparru aldatuko den aurreikusi, ondorioak, eustean zer sorrarazten dien galdetu...   Gogoetak lagun diezaieke oharkabean egindako aldaketez jabetzen eta zein hiztun izan nahi duten erabakitzen. Azaldu diezaiekegu zertan laguntzen digun eta zer den guretzako euskaldun izatea. Etxean, ordea, guk erabaki dezakegu, familiarteko eremuko arauekin batera landu hizkuntzarena. Hizkuntzen kudeaketaz hitz egin dezakegu, zer noiz erabili (kalekoa eta etxekoa desberdindu). Guk hizkuntzen kudeaketa nola egiten dugun eta zer sentiarazten digun partekatu dezakegu. Kudeatzeko eredu bat erakuts diezaiekegu.  Adin horretan idealistagoak dira, eta justizia sozialerako sentsibleagoak; hizkuntza portaera ekologistak izatera gonbida ditzakegu. Eta nola ez, etxeko eta etxekoen arteko hizkuntza aldaketak zer sentiarazten dizuen konpartitzeak elkarrizketa gozatu dezake. Errietarik gabe, sortzen digun sentimendu eta pentsamenduak konpartitu: kezka azaldu, zer behar dugun esan eta eskaera zuzena egin. Etxeko beste arauak kudeatzen ditugun modu berean tratatu beharko hau ere. Laster arte
hitzartzen hitzartzen 2019-07-03
Izar Larrañaga
Familia

Galdera

Kaixo, duela bi aste UEMAko herri bateko eskolako zuzendari batek hauxe esan zidan.
Herriko auzo euskaldun bateko familia euskaldun batean, haurrek (3-4 urtekoak) gaztelania ondo ikasiko ez dutenaren kezkaz, seme-alabei gaztelaniaz hitz egiten hasi zaizkie, marrazki bizidunak ere bakarrik gaztelaniaz jarriz. Eskolak horren aurrean zein mezu ematea komeniko litzateke?

Mila esker

Erantzuna

Kaixo Izar:

Testuinguru oso euskaldunetan guraso batzuek badute kezka hori bai, ez zaigu arrotza egiten egoera. Era berean ulergarria izan daiteke gurasoen kezka, ez baitzaie gustatzen beraien haurrengan ezintasunik ikustea. Dena den, sumatu dezakegu kezka horren atzean hainbat aurreiritzi ari direla eragiten, euskararen balio txikiagoa beste hizkuntza batzuen aurrean, "elebitasun orekatuaren" mitoa eta beste.

Zure galderari erantzuteko, burura etorri zaigu Gipuzkoako Foru Aldundiak bere garaian egindako bideoa. Herri txiki euskaldunetako haurrek gaztelaniaz maila eskasa al dute? izenburupean, kezka horri erantzuteko herri txikietan jaiotako pertsona ezagun batzuen testigantzak jaso zituzten. Bideoan ikusi ahalko dituzu gaiari buruz hitz egiten Andoni Aizpuru, Nerea Alias eta Iker Galartza. Beraie esperientziak oso argigarriak suertatuko zaizkizu.  Azkenik, Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedraren koordinatzaile den Itziar Idiazabalen hitzak aurkituko dituzu bideoan.

Gure aldetik, bideoa ikusi-entzutera gonbidatzen zaitugu, bertan izango baitituzu helarazi diguzun kontsultarako erantzunak. Gainera, gaia lehenengo pertsonan bizi dutenen ahotik.

 
hitzartzen hitzartzen 2019-05-27
Ainhoa
Familia

Galdera

12 urteko alaba bere lagunekin elkartu eta erdara hutsean aritzen da. Etxean ere gaztelaniarako joera izugarri handitu zaio. Gaztelaniaz ari denean badakigu ezin garela polizia moduan ibili baina 12 urtetik aurrerako nerabe/gaztetxoekin nola jokatu?

Erantzuna

Kaixo: Zure alabarekin oso solasaldi interesgarriak izateko aukera paregabea sortu zaizu ustekabean, Ainhoa! Gai sakona da mahai gainean jartzen ari zarena: gure nerabeen eta gazteen hizkuntza ohiturena. Hasteko, etxean arnas luzeko bidea duzuela esango genuke. Beraz, indarrak ondo neurtu eta ez uste lortuko duzunik lehen solasaldian, di-da!, zure alabari euskaraz egin behar duela buruan sartzerik. Agian, “zuk zer sentitzen duzu gaztelaniaz ari zarenean? Gustura gelditzen zara?” horrelakoekin zabaldu dezakegu bidea. Eta lehen unetik galderari geuk erantzuten hasi beharrean, bera pentsatzen jartzea izan behar du helburua. Hau bere heziketa prozesuaren atal garrantzitsu modura har dezakegu etxean eta denok parte hartu gai honen lanketan baina, hori bai!, solasaldi/eztabaida giro pausatua komeni da; ez elkarri entzuten ez diogun kalapita antzu horietako giroa. Hori horrela, kontzientzia lantzen lagundu diezaiokegu, autonomia eta ardura izaten. Ideien mundura iristen lagundu eta arrazonatzen trebatu. Denok ikasiko dugu, berak adina geuk. Galderak egin ahal dizkiogu egoerak eta ideiak argitzeko, euskara aukera izan daitekeela erakutsi. Adin horretan bere iritzia eraikitzen lagundu ahal diogu eta, eztabaidatzeko beharra baldin badu, behar horri ere erantzungo diogu. “zuri ere ondo iruditzen zaizu gaztelaniaz aritzea?” “zuk ere nahiago duzu?” “zergatik uste duzu aldatu duzuela hizkuntza?” “nahita egin duzue edo eskapatu egiten zaizue?” “zergatik uste duzu gertatzen dela hori?” “zer ekarri ahal dizue euskarak?” ”zer gaztelaniak?” Saiatu ekologiarekin lotzen, ekologista izatearekin, feminista izatearekin, euskaldun aktibista izatearekin. Egiten duenaz kontziente izan dadila. Une egokia izan daiteke, aldi berean, geure hizkuntza aukerak nola egin genituen partekatzeko. Bere garaian zuretzat garrantzia zerk zuen aitortu eta zein arrazoirengatik zuen etxean euskaraz bizitzeko hautua egin zenuten adierazi. Horretaz gain, berebiziko garrantzia dauka etxeko helduok eredua ematea: euskaraz bizi etxean ahal den kide gehienekin. Esan bezala, arnas luzeko egitasmoa duzuela esango genuke eta geure burua janzteko ere baliatu beharko genuke aukera hau. Horregatik, blog honetan bertan, hemen irakur dezakezun artikulu honek ere lagundu diezazuke bidean argi egiten. Animo eta izan konfiantza alabarengan. Zeuk argi adierazten badiozu zure nahia eta eredu ematen baduzu, denbora kontua da, baina ikusiko duzu nola hasten den bera bere bidean aukera egokiak egiten.
hitzartzen hitzartzen 2019-03-25
Nerea
Aisialdia

Galdera

Zer erantzun guraso euskaldunak (etxeko hizkuntza euskara dute) dituen 6-7 urteko haur batek euskara gaztelania baino zailagoa dela esaten dizunean? Testuingurua: eskola bateko ikasgela, 24 haurretatik 3-4 haurren gurasoak soilik dira euskaldunak eta beraien artean erabat gaztelaniaz egiten dute

Erantzuna

Kaixo, Nerea: Beharbada hizkuntzak nola ikasten ditugun ikusarazi beharko genioke, eta bere zein ikaskideen erraztasunaz eta zailtasunaz hitz egin. Ikaskideek etxean gaztelaniaz egiten dute, ikasgelan irakasleagandik euskara eta ikaskideengandik gaztelania jasotzen dute, eta –atrebentzia pixka batekin–  kalean euskara hutsezko harreman gutxi izango dituztela esatera ausartuko naiz. Hizkuntza ikasteko erabili egin behar da; ez badute erabiltzeko saiakera egiten, ezin dute ikasi. Hori ulertarazi behar diogu. Bestalde, pentsarazteko garaia ere badu, arrazonamenduan sartuta, bere kezkak jaso ditugula adierazi behar diogu eta bere ondorioak ateratzen laguntzeko galdera aproposak egin; galderak jaso dituela ziurtatuko dugu eta behar duenean erantzunak bilatzen lagunduko diogu. Zergatik esaten duzu hori? Zuri gehiago kostatu zaizu euskara ikastea? Nori kostatu zaio? Nola ikasi dute lagunek? Non? Norekin? Non eta noiz erabiltzen dute euskara? Euskaldunok zertan laguntzen diegu? Eta lagunek sekula ez balizute gaztelaniaz egin, ikasiko zenuke? Zergatik uste duzu euskara zaila dela pentsatzen dutela? Zu ados zaude? Zuretzako ere horrela da?... Euskara eta beste hizkuntzak ez dira errazagoak edo zailagoak, errazago edo zailago ikasten ditugu testuinguruaren baitan. Bide batez, ikaskideek errazago ikas dezaten, gure esku zer dagoen ikusten lagun geniezaioke. Elkarrizketa polit bat duzu aurretik!
hitzartzen hitzartzen 2019-02-26
Izar
Familia

Galdera

Nire bikotea euskaldun berria da. Nire gurasoekin saiatzen da euskaraz egiten, dakiena euskaraz esaten die. Baina nire gurasoek sarri gaztelaniaz erantzuten diote. Zer egin dezaket? zer esan nire gurasoei?

Erantzuna

Kaixo Izar! Zure galdera irakurrita bi mailatan lan egin behar duzula esango nizuke: zure bikotearekin, alde batetik, eta zure gurasoekin, bestetik. Zure bikotearekin zer egin behar duzun? Bere ahaleginean eutsi diezaiola zaindu, aldian-aldian aitortza eginez, eta ahul uneetan babesa eta laguntza emanez. Bigarrenik, zure bikotearekin eta gurasoekin gaia mahai gainera atera eta gurasoen portaera horren atzean zer dagoen ulertzen saia zaitezkete. Zure gurasoak oso ohituta daude euskaraz egiteko zailtasunak dituenari gaztelaniaz egiten. Oso ondo ikasita daukate hori, urte luzez ikasitako portaera bat da eta oso arrunta hizkuntza gutxituetako komunitateetan. Azken batean, aurreiritzi oker batean oinarritutako portaera da: hitz egiteko zailtasunak dituenari, trantze estua ez pasa araztearren, gaztelaniaz egiten dio euskal hiztun askok. Kontua da, hizkuntza bat ikasi nahian ari den orok zure bikotea pasatzen ari den fase hori igaro beharra daukala eta, gurasoekin, ideia hori ulertarazten saiatu beharko zenuke eta, ahal duten neurrian, zure bikotearen mintzalagun eta ikasketa prozesuan indargune bihurtu. Jarraitu ahalegintzen emaitzak ikusten ere aurki hasiko zarete eta.
hitzartzen hitzartzen 2019-02-18
Joana
Familia

Galdera

Kaixo, lagunok:

Nire ahizpa kezkatuta dago, bere 16 urteko semeak gazteleraz hitz egiteko jario bizirik ez duelako. Euskara eta ingelesa primeran hitz egiten ditu. Gaztelera ere dena ulertzen du eta hitz egiteko gai ere bada, nahiz eta hanka sartzeren bat edo beste egin hitz egiterakoan. Hausnarketa edo gomendiorik partekatzeko?

ANIMO!

Erantzuna

Kaixo, Joana: Normala da gure seme-alaben hizkuntza ezagutzak kezka sortzea. Kontuan hartu behar dugu pertsona batek dakizkien hizkuntza guztiak ez dituela modu berean menperatuko. Beti egongo da baten bat erosoago egiten zaiona, hainbat arrazoirengatik: bere lehen hizkuntza delako, bere bizitzan gehien erabiltzen duena delako eta abar. Hortaz, ez gaitu harritu behar 16 urterekin (eta baita helduagotan ere) hizkuntza batean erosoago aritzea, jario biziagoa izatea hizkuntza horretan besteetan baino. Era berean, hizkuntzen jabetzeak erabilerarekin lotura zuzena du. Beraz, zure ahizparen semeari dagokionez, gerta daiteke orain gaztelaniaz jario bizirik ez izatea, bere testuinguruan batez ere euskara erabiltzen duelako, baina beharra sortzen bazaio, bizitzak gaztelania gehiago erabili behar duen testuinguru batera eramaten badu, ziur gaude ikasiko duela, beharra motibazio iturri handia delako eta berak hizkuntza bere baitan duelako, ez da hutsetik hasiko hizkuntza hori menderatzen. Garrantzitsua da kontuan hartzea 16 urterekin ez dela hizkuntzen jabekuntza amaitzen, bizitza osora zabaltzen dela eta gure beharren araberakoa ere badela. Gaztelania hobetzeko erraztasun handiak dauzkagu, gaztelaniaren presentzia soziala oso handia baita. Joana, zure ahizparekin hausnarketa honen inguruko zerbait gehiago nahi baduzu, irakurgai hau gomendatzen dizugu: David Anaut-en Argiak eta itzalak euskararen lurraldean euskararen etxean, gazi-gozo (8. Atalean jorratzen da gai hau). Bertan Leitzako kasua aztertzen bada ere, artikuluan esaten den bezala, zure ahizparen kezka arnasgune diren hainbat herritako gurasoen artean agertu izan baita. Hausnarketarako baliagarria izango zaizuelakoan gaude.
hitzartzen hitzartzen 2018-11-28
Eider
Familia

Galdera

Familiako bazkarian senide batzuk gaztelaniaz gustura hizketan, airoso. Familia osoa euskalduna eta “euskaltzalea”, bai behintzat seme-alaben hezkuntzarako. Nik, ixilune labur bat aprobetxatuz, zera komentatu nuen: “ez nekien zuen artean gaztelaniaz horrenbeste hitz egiten zenutenik”. Eta erantzuna: “guk gaztelaniaz? euskaraz egiten dugu-eta!” . Alegia, konturatu ere ez dira egiten gaztelaniaz ari direnik. Zer egin dezaket?

Erantzuna

Kaixo, Eider: Asko dira ohartu gabe euskaratik gaztelaniara aldatzen diren euskaldunak. Harrigarria bada ere, ez dira kontziente hizkuntza aldaketa horretaz. Zuk adierazi bezala, horren berri ematen zaienean ere euskaraz ari direla erantzuten dizute! Ez gara horretan euskaldunok bakarrak munduan, beste hizkuntza batzuekin ere gertatzen den gauza da. Kode-alternantzia esaten diote adituek. Hizkuntzen arteko ukipenaren fenomenoetako bat da. Gaztelaniak eragin nabarmena du gure egunerokoan eta horrek gure hizketa modua baldintzatzen du. Hori ulergarria da, hizkuntza indartsuarekin kontaktuan baitago euskara. Historiari erreparatuta, askotan izan ditu euskarak beste hizkuntza batzuk bizikide eta hainbat mailegu hartu dituela konturatuko gara. Hein handi batean, horiek aurrera egiten lagundu dute eta hizkuntzaren biziraupena ziurtatzen. Horrekin ez dugu esan nahi ezer egin behar ez denik edota ezin daitekeenik ezer egin. Guri dagokigu kode-alternantzia horren inguruan hausnartzea eta horri men ez egitea, horrela erabakitzen badugu behintzat. Zuk aipatutako kasuan, Eider, zer egin dezakezu? Gaia mahai gainean jartzea horren inguruko hausnarketa egiteko balio dezake. Pertsona horiek ez badira ohartzen kode-alternantzia horretaz, lehenik eta behin galdetu diezaiekezu ea nahi duten kode-alternantzia horretaz kontziente izan. Horretarako ariketatxo bat proposatu diezaiekezu, elkarrizketa ematen den bitartean, norbaitek hizkuntza noiz aldatzen den behatu dezala, zenbat aldiz aldatzen den, zer esateko aldatzen den... Kode-alternantzia horretaz kontzientzia hartu nahi duten artean errotazioa egin behaketa lanetan. Horrek guztiak pertsona horiek kode-alternantziaren kontzientzia hartzeko balioko die eta bide batez, hausnartzeko ea mantendu nahi duten ala ez. Beti euskaraz mantentzea lehenesten badute, kontzientzia hartzea izango da lehenengo pausoa eta ondoren ohitura hori aldatzea egiten den bakoitzean. Denbora beharko dute, agian kanpotik norbaiten laguntza mesedegarri izango zaie (betiere eskatzen badute). Baina, gure ustez une honetan kontzientzia hartzeko fasean daude eta horretan lagundu diezaiekegu, ondoren hausnarketa eta erabakiak hartzeko fasera pasatzeko.
hitzartzen hitzartzen 2018-10-30
Buy now