Galdetu kontsultorioan
Andoni
Lan eremua
Galdera
Gure kooperatiban lankideen artean elkarrizketa elebidunak praktikatzeko bideak landu nahi ditugu. Baina, ez da erraza euskaldunontzat. Zelan egin? Aholku batzuk beharko genituzke.
Andoni
(Bergara)
2019-05-21
Ez da oso erraza, Andoni, hain gai konplexu bati aholku zehatz eta borobila ematea… Hala ere, begirada kontua dela esango genuke. “Nik nondik eta nola begiratzen diot euskarari nire bizitzan. Ardatz dut?” Hala bada, hona aukera batzuk:
Hasteko, gutxienez, bi kasu bereiz daitezke:
- Mintzakideak ez du arazorik edozein elkarrizketa edozein testuingurutan ulertzeko. Hona baliabide batzuk:
- Luzamendutan ibili gabe, hasieratik argi azaldu zure aukera: “Nik euskaraz egingo dizut. Zuk jarraitu erosoen zaizun hizkuntzan.”
- Bat-batean gaztelaniaz ari zarela ohartzen bazara, ez larritu eta ez da beranduegi! Berriro euskarara itzultzea aurrerapausoa da.
- Mezu lasaigarria errepikatu zure buruari: “ulertzen du, beraz, ez dago arazorik”, “eutsi zure aukerari, ez da kapritxo bat, zilegizko aukera bat baizik!”, “inork inon ez du bere hizkuntza aukera justifikatzen edo zuritzen… Zoaz mamira eta, esan beharrekoa, esan zeu gustura geratzeko moduan!”.
- Mintzakideak gehiena ulertzen du, baina egoeraren arabera, zailtasunak izan ditzake.
- Honi ere luzamendutan ibili gabe, hasieratik argi azaldu zure aukera: “Nik euskaraz egingo dizut. Zerbait ulertzen ez badidazu, esan, eta beste modu batean azalduko dizut. Ez dut zu ulertu gabe geratzerik nahi eta.”
- Euskalkia moldatu: euskara batutik oso urrun dauden hitzak saihestu; euskarazko eta erdarazko terminoak biak erabili elkarren ondoan; sinonimoak erabili; motelago hitz egin.
- Mezu lasaigarriak bidali etengabe zure buruari: “bere ulermena hobetzeko bidean laguntzen ari naiz”; “mesede egiten ari naiz, hari eskua luzatzen ari natzaio bidea elkarrekin egiteko”.
hitzartzen 2019-05-21