Galdetu kontsultorioan

Kristina
Hezkuntza

Galdera

Eskolako guraso bilerak izan ditugu duela gutxi. Irakasleak aurkezpena euskaraz eta gaztelaniaz (dena!) egin du, 1,5 orduko bilera, luzeeee…. Hartzaileak denak euskaldunak, batekin zalantza “ulertzen du?”. Nire pentsamendua: “ni naiz honetaz konturatu naizen bakarra? Zerbait esango dut? besteek pentsatuko dute “badator hau berriro euskara kontuekin”.
Etxera “nekatuta” bueltatu naiz. nire asmoa irakaslearekin banakako bilera eskatzea… edo?

Erantzuna

Lasaitu, Kristina! Urtero gai honekin jira eta buelta gabiltza iraila heldu eta ikasturte hasierako guraso bilera orokorrak antolatzen direnean. Eta egia da gaiak nekea sortzen duela. Nola arindu neke hori? Gai konplexua da guraso bilerena eta, beraz, ezin da erantzun bakar eta borobil bat eman. Hainbat ideia azalduko ditugu hurrengo bilerarako baliogarri izan daitezkeelakoan. Hasteko, komeni da ikastetxeak hizkuntza irizpideak finkatuta edukitzea eta horietaz eskola komunitate osoa jabe egitea. Bigarrenik, irakasleak edo bilera gidatu behar dutenek bilera hasieran azaldu behar dute hizkuntza bakoitzak izango duen lekua. Are gomendagarriagoa izan daiteke, aurrez, etorriko den guraso taldearen azterketa egitea eta hortik, taldearen hizkuntza gaitasuna aurreikusita, bileran egingo dugun hizkuntzen kudeaketa presta dezakegu. Zure kasuan, ondo ulertu badut, hartzaile gehienok euskaldunak zineten eta pertsona baten inguruan zalantza sortu zitzaizun... Lehen aipatutako aurrelan hori eginda balego, konponduta legoke. Ulermena ziurtatuta badago, euskaraz egin zitekeen bilera lasai asko eta, ez badago ziurtatuta, ondo pentsatu beharko genuke nola moldatuko genukeen bilera. Bigarren egoera horretan neu ez naiz gai guztiak euskaraz eta gaztelaniaz berdin-berdin lantzearen aldekoa. Ulermena ziurtatzen ez dutenek pantailan irakurriz jaso dezakete informazioa, besteek ahoz euskaraz jasotzen ari diren bitartean. Era berean, bilera osoa euskaraz egin daiteke ulertzen ez dutenen ondoan guraso (edo irakasle) batzuk belarrira xuxurla eginez informazio nagusia ematen dietela. Bilera bi hizkuntzetan egin daiteke: ahoz euskaraz egiten hasi bagara, horman idatziz gaztelaniaz informazioa eskainiz, eta hurrengo puntuan alderantziz. Ikusten duzunez, gaia korapilatsua da baina aholku hauek baliogarri izan dakizkizuke hurrengo baterako eta, hori guztia, irakaslearekin partekatuz gero ordun eta hobe!  
hitzartzen hitzartzen 2018-09-19
Xabier Apaolaza Etxeberria
Hezkuntza

Galdera

Behin gertatu zitzaidan Unibertsitatean: bi talde geunden elkarrekin ikastaro batean eta batzuk ez zuten euskara ulertzen. Berrogeita hamar lagunetik hamar bat izango ziren ulertzen ez zutenak, eta ikastaroa gaztelania hutsez zen; lehen egunean galdera bat egiteko hitza euskaraz hartu nuen, eta berehala moztu ninduen batek esanez ez zuela ulertzen; nik esan nion, ondoren galdera gaztelaniaz ere egingo nuela, eta berak erantzun ea ez zergatik ez nuen denontzako hizkuntza “komun” batean egiten. Irakasleak parte hartu eta bideratu zuen gaia, baina nik ez nuen jakin momentu horretan zer erantzun. Nola jokatu behar da “hizkuntza komunaren” gaia ateratzen dutenean? Mila esker.

Erantzuna

Kaixo, Xabier: Gure ustez, egoera horretan eztabaidan sartzeak ez dizu merezi. Gizartean nagusitzen diren argudioak hizkuntza hegemonikoaren alde egiten dute gehienetan; horietako asko oinarririk gabeak izan ohi badira ere, aurreiritzietan indar hartutakoak. Horregatik, zure solaskideak erraz aurkituko ditu bere posizioa defendatzeko argudioak. Zuri, aldiz, zaila izango zaizu argudio eraginkorrak aurkitzea. Kasu hauetan gure buruari galdetu beharko genioke ea benetan nahi dugun eztabaida horretan sartzea eta zer daukagun irabazteko ala galtzeko. Eztabaidak izan dezakeen kostu emozionala aurreikustea eta sahiestea, hain zuzen ere. Azken batean, zer espero dugu lortzea? Bestea konbentzitzea esaldi apur batzuekin? Aukera gutxi daude hori gertatzeko. Gure proposamena izango litzateke, ikas-talde guztiarekin adostea hizkuntza trataera nolakoa izan daitekeen. Proposatu daiteke, adibidez, euskaldunek interbentzioak euskaraz egitea eta amaieran irakasleak galdera eta erantzunaren laburpena egitea gaztelaniaz. Ikas-taldean izan ditzakezuen babesak neurtuta eta irakaslearen konplizitatea lagun, errazagoa izan daiteke guztion artean adostea nola jokatuko duzuen. Gure ustez, erraz lortu daiteke denon artean adostea proposatzen dugun edo antzerako irtenbideren bat. Era horretan, ikasgelan hizkuntzen kudeaketa adostua egitea posible dela ikusaraziko dugu. Hizkuntza komunaren argudioaren alde agertu den ikaskide horri ekintzez erakutsiz gauzak egiteko modu desberdinak posible direla. Gainera taldearen adostasunean eta elkarbizitzan oinarrituta. Ekinbide horrek hitzezko argudioek baino indar handiagoa du eta ikas-taldeko kideen artean pertsamendu berria eraikitzeko balioko du, hizkuntza komunaren argudioa deseraikiz. Xabier, hizkuntza komunaren gaian sakondu nahiko bazenu, erabilgarriak izan daitezke Juan Carlos Moreno hizkuntzalari espainarraren lanak: El nacionalismo lingüístico Elkarrizketa: “Kolonialismo mentala, hiztunei beren hizkuntzak ezertarako balio ez duela sinestaraztea da” Juan Carlos Morenoren hitzaldia
hitzartzen hitzartzen 2018-07-23
Asier
Aisialdia

Galdera

Zergatik uste dute batzuek maila nazionaleko ekimenak erdaraz behar direla? Zergatik ez zaio balioa ematen euskara hutsean egiteari?

Erantzuna

Asier, proposatzen ari zaren gaiak ertz asko ditu: antolatzailearen hizkuntzen kudeaketarako gaitasuna, ekitaldiaren helburua, antolatzaileak hizkuntza desberdinen inguruan duen pertzepzioa... Hori guztia kontuan hartuta, "euskaratik eta euskaraz" ardaztuta bizi nahi duenak, berak erabaki behar du nazio mailako ekitaldi batean hizkuntzak nola erabili. Hori horrela, euskara nagusi izatea nahi badu gaur egun badaude baliabideak eta moduak mezu nagusiaren ulermen denei helarazteko: berbaldi nagusia euskaraz egin eta tarteka esaldi gako batzuk bi erdaretan esan (nazionala bada ekitaldia gaztelania eta frantsesa maila berean joan beharko lukete), aurreko dena bere horretan errepikatu gabe; bestela, hitzaldia euskara hutsean egin esaldi gakoak erdaraz proiektatuz edo azpititulatuz... Nazio mailako ekimenak oso egokiak dira euskaldunok hizkuntzei ematen diegun prestigioa neurtzeko.  
hitzartzen hitzartzen 2018-07-19
Iraia
Hezkuntza

Galdera

Gure haurren eskolako gurasoen watsapp taldean guraso baten eskaera da mezuak gaztelaniaz behintzat idaztea, bestela guztiek ez dutelako ulertuko. Nola kudeatu hori?

Erantzuna

Ongi etorri Iraia! Gurasoen arteko whatsapp talde hauek oso egokiak dira gaur egun talde handietan hizkuntzak nola erabili esperimentatzeko. Oraingo honetan ere ez dugu erantzun borobil eta bakar bat, inondik inora ere. Hasteko, gurasoen arteko talde horien izaera zehaztu behar da: A) Eskolako ohar orokorrak eta deialdiak zabaltzeko izan daiteke eta ikastetxeko tutoreak gidatzen duena. Hauetan tutoreak oharrak euskara hutsean idatz ditzake eta gurasoen artean, ulertzen ez duenik baldin badago, hark bere haurren edo beste gurasoren baten laguntzaz jaso dezake informazioa. Hortik aurrera, gurasoen artean, nahi duenak nahi duen hizkuntzan idaztea proposatuko nuke. Inork inori zein hizkuntza erabili agindu gabe. B) Gurasoen arteko talde librea bada, berriz, nik guraso horri aholkatuko nioke proposatzeko taldean partaide bakoitzak nahi duen hizkuntza erabili dezan eta, horrekin batera, euskaraz ulertzeko zailatsunak dituenari proposatuko nioke galdetzeko seme-alabei (oso txikiak ez badira) edo konfiantzazko beste guraso bati eta gero, berak erantzun behar badu, nahi duen hizkuntza erabiltzeko.
hitzartzen hitzartzen 2018-07-17
Joseba
Merkataritza

Galdera

Astean behin/bitan joaten gara lankideak kafetegi batera. Zerbitzariak erdaldunak dira baina ikasi dituzte “hutsa”, “ebakia” eta “kafesnea” adibidez.
Bada beste zerbitzari bat noizean behin zerbitzatzen aritzen dena. Hark aste honetan “a mí en castellano” esan digu, tonu atseginean egia esan, eta agian horregatik ez dugu jakin zer egin eta gaztelaniaz eskatu dugu

Erantzuna

Kaixo Joseba: Nik euskaraz eskatuko nioke hurrengo egunean ere, eskaera egin duela ahaztuta. Hark berriro ere, modu atseginean, gaztelaniaz egiteko eskatzen badigu, modu atseginari eutsiz "zuk ulertzen didazu, ezta?" galdetuko nioke, hurrengorako zalantzak uxatzeko. Hark baietz edo isilik geratzen bada "bi ebaki, kortado [nahi baduzu, eta ulertzen ari zaizula ziurtatzeko], eta kafesne bat, bat con leche" eutsiko nioke nire hizkuntzari. Nire galderari ezezko zuzenarekin erantzuten badu zerbitzariak honako hau esan diezaiokegu (une honetan gaztelaniara aldatuko nuke):
"Ez dut ulertuko ez duzun elkarrizketa bat gaztelaniaz hasteko asmorik, baina gure kafeak euskaraz eskatzeko ohitura dugu eta ohitura mantendu nahi genuke. Ondo? Ea hutsa solo, ebakia cortado eta kafesnea café con leche."
hitzartzen hitzartzen 2018-06-27
Buy now